Bilboko Administrazioarekiko Auzobidearen 1. zenbakiko Epaitegiak atzera bota du UGTren ordezkari sindikalak “mobbing” jasotzeagatik Getxoko Udalari eskatzen zion 31.544,69 euroko kalte-ordainketa. Epaitegiak, atzo jakinarazitako epaian, ez du ukatzen UGTren aurkako udal jazarpena baina onartzen du “soilik frogatu dela salatzailearen eta salaketa jaso duen administrazioaren artean gatazkakortasun egoera bizi izan dela...”. “Beraz”, ebazpenak jarraitzen duenez, “ez da modu argian probatu Udalaren jarduerak auzi-jartzaileak pairatzen dituen lesioak eragin dituenik eta, horren ondorioz, aurkeztutako errekurtsoa balio barik uztea erabaki da”. Uztailaren 19ko data duen 317/07 ebazpena baloratuz Imanol Landa alkateak azaldu du bere asmoa “legegintzaldi berriarekin alde bien arteko elkarrizketan eta errespetuan oinarritutako harremanak eta akordioak bilatuko dituen aro berria zabaltzeko”. Zentzu horretan, gehitu du alkateak, “sindikatuei ere eskua luzatzen diegu”. Dena den, oraindik UGTk badu ebazpenari errekurtsoak aurkezteko aukera.