Gabonetako argietarako Udalak dendariei 90.000 euro ematea nahi du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 7a, 14:01

Getxoko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko lau proposamen aurkeztu ditu gaur PPk prentsaurreko baten bidez. Hasteko, dendariek Gabonetako merkataritza kanpainan erdiguneetan jartzen dituzten argiak bere osotasunean Udalak ordaintzea eskatu dute, iazko aurrekontua 90.000 bat eurokoa izan zela. Horrekin batera, azaro eta abendu osoko zein urtarrileko lehenengo asteko aro zabal horretan merkataritza guneetan animazio ekimenak antolatzea zein merkatarien elkarteak garatuko dituen aste gastronomikoa eta pintxo lehiaketa bezalakoak diruz laguntzea proposatu dute popularrek. Bide beretik, Zarraoak orain dela bi urteko merkealdietako garaian emandako adibidea ez jarraitzea eskatu dute eta, hortaz, "ezinbestekoak" ez diren herri-lanik ez egitea exijitu dute. Azkenik, oposizioko taldeei Tokiko Merkataritza Kontseilura sarbidea ematea ere eskatu dute. Lau proposamenak iraileko azken ostiralean egingo den Udalbatzan aurkeztuko dituzte mozio gisa eta dagoeneko Marisa Arruek argitu du mozioa aurrera atera dadin PSE-EEren botoak jasotzea espero duela. Argazkian, Marisa Arrue, Raquel Gonzalez eta Eduardo Andrade zinegotzi popularrak.

Arrueren esanetan, "ikasturte politikoari gogo biziz ekin diogu, udaletxean dauden gehiengoengatik eta horiek gure proposamenak aurkeztea eta eztabaidatzea ahalbidetzen digutelako, beti ere, getxoztarren onerako. Era berean, baliogarriak dira Getxo inguruko udal, EAE eta Espainia mailan erreferente gisa jartzeko". Gainera, popularraren ustez, gehiengo aldaketa horrek ahalbidetuko du Andra Mariko etxebizitzen proiektuan, Ereagako igogailuko baldintzetan edota kiroldegien abuztuko aferan "gertatu bezala", merkataritza arloan ere Imanol Landa alkate berriak "Zarraoak ezarritako neurriak bertan behera utziko" dituela.

Getxoko PPren presidenteak nabarmendu du "merkataritza eta ostalaritza direla Getxon aberastasun gehien sortzen dituzten gizarte alderdiak" eta azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzak eginiko kanpainetan bezala, "merkataritzak bizitasuna ematen diola herriari". Argudio horren bidez, merkatarien hainbat gastu getxoztar guztien artean ordaintzea proposatu du, Gabonetako argiak eta apaindurak kasu.

Legealdian zehar proposamen gehiago aurkeztuko du PPk

Dena den, Arruek ohartarazi du ez duela gaiarekin bukatu eta oraindik ere beste hamar bat proposamen dituela, Getxo Dendak erakundearen sorrera, udal leihatila bakarra edo tasa eta zergetan hainbat laguntza ematea, besteak beste, legealdian zehar aurkeztuko dituenak. Gaur iragarritako lau proposamenak ziztu bizian aurkeztu nahi izan dituzte "Gabonetako kanpainaren atean gaudelako".

Eduardo Andrade PPko zinegotziak azaldu duenez, orain arte merkatariek ordaindu dute argi eta apainketekin lotutako gastu guztiak, salbu Iberdrolaren elektrizitate fakturak "eta diru laguntza txiki bat", Getxoko Udalak ordaintzen dituena. Horrela, "dendari bakoitzak 15.000 edo 20.000 bat pezetako kuota jartzen ibili da urtero" eta iaz komertzio kaleren bat apaindu gabe gelditu zen, Arrueren aburuz "merkataritzak bere unerik gozoenean ere ez zebilelako". Bestalde, kazetarien galderei erantzunez, Arruek onartu du Udalak hainbat diru inbertitu duela Gabonetarako argi-apainketak erosten, baina argitu du horrelakoak udalerriko sarreretan jartzen direla, "kanpoaldean, eta ez erdiguneetan".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun