Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Delegazioak zabaldu duenez, irailaren 21ean eta hurrengo egunetan, Algortako Guardia Zibilaren kuartelean lan egiten duten Espainiako Polizia Nazionaleko agenteek ez dute Espainiako Nortasun Agiria (DNI) tramitatuko. Oharrean zehaztutakoaren arabera, neurri hori Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat polizia-etxeetan DNI elektronikoa zabaltzeko hartu dute. Era berean, ziurtatu dute nahi duenak Espainiako pasaportea egin ahal izango duela horretarako bulegoak zabalik egongo baitira. Bestalde, Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) tramitatzeko aukera dago astelehenetik ostiralera Getxo Bizia herri plataformak Torrene kalean daukan bulegoan. EHNA egin ahal izateko honako gauzak eraman behar izango dira gainean: udaletxean edo udal bulegoetan eskura daitekeen errolda agiria, hiru argazki eta 15 euro. Argazkian, EHNA eskatzeko agiria.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!