Getxoko igerilekuetan sartzeko EAJk ezarri zuen euro bateko tasa kenduko du Landak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 7a, 23:46

Iñaki Zarraoa alkate ohiak eta EAJ, EA eta EBko hiruko Udal Gobernuak Getxo Kirolen bazkidei igerilekuetan sartzeko ezarri zieten euro bateko tasa urtea amaitu baino lehen kentzeko asmoa duela iragarri du Imanol Landa alkateak. Horrela, Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimenak, plataforma horren manifestuari bere sinadura eman zioten 9.121 getxoztarrek, Aralarrek eta ezker abertzaleak zein beranduago aldarrikapen horri lotu zitzaizkion PP eta PSE-EE alderdiek pozteko modua izango dute. Dena den, Imanol Landak ez du ezer esan pertsona eta talde guzti horiek egindako eskaerarik garrantzitsuenari buruz, zarama tasen %86ko igoera bertan behera uztea. Argazkian, Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimeneko kide batek sinadurak udal erregistroan aurkezten.

Getxoko Udal Gobernu Taldeak jakinarazi duenez, igerilekuetako euroaren tasa "urtea amaitu baino lehen" desagerraraziko dute, "tasa eta zergen hurrengo berrikustean", baina litekeena hile honetan bertan finkatzea hurrengo urterako tasa, zerga eta prezio publikoen proposamena. Proposamen hori, Imanol Landa alkateak azaldu duenez, besteak beste hurrengo irizpidetan oinarrituko da: KPIren (Kontsumorako Indizeen Prezioa) ezarpena, arau orokor bezala; Getxo Kirolak erakundearen bazkideei igerilekuan sartzeko euro bateko tasa kentzea, gero erakunde autonomoaren tasen sistema ikertzeko; hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko merkatua sustatzeko Lur Ondasunen Gaineko Zergetan hobariak ezartzea; eta baita kide ugari dituzten familiei dagokien tratamendua, eta udal tasa eta zergen inguruan merkataritza arloari emandako tratamendua berrikustea ere.

Merkatariekin hitzordua jarri du alkateak

Getxoko alkateak adierazi duenez, “helburu horrekin, dagokion ikerketa ekonomikoa egiteaz gain, Udal Gobernu Taldeak gai horietan sartuta dauden gizarte agenteekin harremanetan jartzeko erronda hasi du”. Erronda hori, hain zuzen, datorren astean hasiko da, Getxo Enpresa eta Merkataritza elkartearekin Gobernu Taldeak izango duen bilerarekin, eta kide ugariko familien elkarteekin egingo den bilerarekin, Landaren esanetan, “euren iritzi eta proposamen zehatzak ezagutu ahal izateko” balio izango dutenak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun