Balendin Enbeita VIII. bertso-paper lehiaketa abiatu du ALBEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 10a, 21:56

Algortako Bertsolari Eskolakoak (ALBE), agindu bezala, bi urteko etenaldi baten ostean hemen datoz atzera, Balendin Enbeita bertso-paper lehiaketaren zortzigarren edizioa iragartzen: "deialdi honen bitartez, zuen bertso-jartzaile senapiztu gura dugu, lehendik buruan bueltaka dabilzkizuen bertsoak edo oraindik bururatu ez zaizkizuenak papereratu ditzazuen". Orain dela bi urte 58 bertso-sorta, "bertso uzta ezin oparoagoa" jaso zuten egindako deialdiaren ordain gisa eta aurtengo edizioan, ez dute gutxiago espero. Dena den, aukera ez galtzeko aholkua ematen dute ALBEtarrak, izan ere urte bakoitietan baino ez da ospatzen Balendin Enbeita bertso paper lehiaketa. Lehiaketan, dena den, edonongo bertso-jartzaileek har dezakete parte, horren adibidea da iaz gazteen arteko saria ezik (Itsaso Payak irabazia) beste guztiak eskualdetik landa joan zirela. Adinaren arabera, atal bi bereizi dituzte: helduak, 19 urte edo gehiagokoak; eta gazteak, 18 urtera artekoak, 2007ean 18 betetzen dituztenak barne. Eskoletako gaztetxoek ere, Balendin Txiki Saria propio izan arren, aukera daukate parte hartzen. Lanak jasotzeko azkeneko eguna, urriaren 22a izango da. Bertso guztiek berriak izan beharko dute, hots, beste inon saritu edo argitaratu gabeak. Sariak, berriz, abendu aldera ALBEk antolatzen ohi duen Ahobien Galan emango dituzte, Areetako Andres Isasi musika eskolan.

Bertsoen gaia, neurria eta doinua libreak izango dira parte-hartzaile guztientzat. Helduen atalean, parte-hartzaile bakoitzak gutxienez 8 bertso egin beharko ditu, eta gehienez 12. Gazteen atalean, parte-hartzaile bakoitzak gutxienez 6 bertso egin beharko ditu, eta gehienez 10. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste bertso-sorta aurkez dezake.

Nora eta zelan bidali

Bertsoak posta arruntez zein posta elektronikoz bidal daitezke. Posta arruntez bidaltzekotan, bertsopaperean ez du egilearen izenak agertu behar. Bertso-sorta bakoitza izengoitiz sinatuko da eta egilearen izen-abizenak, jaioteguna, helbidea eta telefonoa, faxa edota posta elektronikoa aparteko gutunazal batean sartuko dira, kanpoaldean izengoitia ageri dela. Gutunazal bien egilea zein ataletara aurkezten den ipini behar da. Hona hemen helbidea:

Balendin Enbeita VIII. bertso-paper lehiaketaren 8.
Algortako Bertsolari Eskola (ALBE)
Ezekiel Agirre 30. 48930 Itzubaltzeta / Romo (Getxo).

Bertsoak posta elektronikoz bidali gura badira, ALBEk behartzen du estandarrak betetzen ez dituen jabegodun software erabiltzen: Microsoft Word formatua hain zuzen ere. Bide hori erabiliz gero ere bi dokumentu bidali beharko dira. Batean bertso-sorta bera eta goitizena; eta bestean goitizena eta norberaren xehetasunak. Hona hemen helbide elektronikoa: albegetxo[abildua]euskalnet.net

Sariak

Helduentzat:
- 1. saria: txapela, 1.200 euro eta garaikurra.
- 2. saria: 900 euro eta garaikurra.
- 3. saria: 600 euro eta garaikurra.

Gazteentzat:
- 1.saria: txapela, 300 euro eta garaikurra.
- 2. saria: 150 euro eta garaikurra.
- 3. saria: 90 euro eta garaikurra.

Bertso-jartzaile batek ezingo du sari bat baino gehiago jaso,
halandaze lortzen duen saririk handiena emango zaio.

Lehiaketari buruzko informazio gehiago gura izanez gero, hona hemen harreman-bideak:

- Telefonoa: 605 704 385
- Posta elektronikoa: albegetxo[abildua]euskalnet.net
- Web gunea: www.albegetxo.net
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun