Bikotekidea edalontzi batekin erasotzea egotzita gizonezko bat atxilotu dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 7a, 17:31

Leioako Udaltzaingoak 37 urteko A.A. gizonezkoa atxilotu zuen atzo Pinueta auzoan, bere bikotekideari edalontzi batekin erasotzea egotzita. Tokiko poliziak zabaldutako bertsioaren arabera, 20:30ean, auzotar batek Udaltzaingoari deitu zion bere kaleko taberna baten barruan borroka ematen ari zela esanez. Patruila auto bi bertaratu ziren eta emakume bat aurkitu zuten tabernaren kanpoaldean, M.V.G.C. 33 urtekoa eta leioaztarra, negarrez eta burua zein eskuak odolez beteta zituela. Anbulantzia bati dei egin ostean, emakumea bere bikotekideak eraso zuela onartu zuen, polizia iturriek diotenez: urte bi omen daramatza berarekin bizitzen, eta aspalditik tratu txar psikologikoak pairatzen zituela adierazi zuen. Dena den, biktima salaketa jartzeari uko egin zion “alferrikakoa” izango zelakoan. Horretaz gain, ustezko erasotzailea bere etxetik bi metrotara dagoen taberna batean lan egiten duela aipatu zuen. Atxiloketaren ostean, gizona epailearen esku jarri du Udaltzaingoak tratu txarrak egotzita. Aurrekariak ei ditu antzeko delituengatik. Argazkian, emakumeenganako biolentziaren kontrako elkarretaratzea Algortan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun