Urtzi Murueta bihar eramango dute Espainiako Auzitegi Nazionalera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 12a, 00:29

Urtzi Murueta Leioako preso politikoa gaur beharrean bihar jarriko dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen eskuetan. Gaur iluntzean Leioako Amnistiaren Mugimenduak jakinarazi duenez, egun Urtzi Murueta Soto del Real kartzelan dago, "bahituta", baina bihar pasatuko dute Auzitegi nazionaletik, Frantzian zeukan zigor osoa bete eta espainiaratua izan ostean. Deklarazio horiek Muruetaren askatasuna eta estradizioaren aurka 20:00etan 65 bat auzokidek egindako manifestazioaren ostean egin dute AAMko eledunek. Errepresioaren aurkako erakundekoek gogoan izan dute bihar behin-behinean entregatuko duten Manex Zubiaga algortarra eta baita ere pasa den igandean Donostian presoen aldeko mobilizazioan ziren hiritarren aurka Ertzaintzak eginiko "sarraskia".

AAMren ustez, ekimen guzti horiek frogatzera datoz espainiar eta frantziar estatuek zein EAJk, Eusko Jaurlaritzak eta "guztiz politikoki menpekoa den" Ertzaintzak euskal gatazkarako duten konponbidea: "errepresioa eta errepresioa". Hori dela eta, "herri honen alde" borrokatzen jarraitzeko deia egin dute, tartean hiru hitzordutan parte hartuz: etzi, irailak 13, 19:00etan herri guztietan EAJren egoitzen aurrean Askatasunak deitutako kontzentrazioetan; eta Udondoko jaietan bertako errontondan ostiralean, 21:30ean, eta larunbatean, 13:00etan, egingo diren mobilizazioetan.

Bestalde, gaurko martxa Boulevarden hasi eta bukatu egin da, herritik Murueta askatzearen eta amnistiaren aldeko mezuak zabaldu ondoren. Martxa udaltzainak buruan izan direla egin dute eta gertaera bakarra oporretan ei dagoen PSE-EEko egoitzaren aurretik igaro direnean izan da, bertan zelatan egon den Ertzaintzaren patruila-auto batekin egin baitute topo.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun