"Hameko berbe ikisi gure dogu" lelopean, "bizkaiera ikastaro aitzindaria" jarriko du martxan
Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkarteak. Mintegiak 100 ordu iraungo du, eta ikasleek urria eta Aste Santuko oporrak bitartean astero bi egun izango dituzte, bata ikasteko eta bestea mintzapraktikan aritzeko. Bizkaian mendebaldeko euskararen erreferentea den Labayru institutuak homologatuko du ikastaroa, eta bertan bizkaiera estandarra, "Bizkaia" gehigarria zenak eta Bizkaia irratiak erabilitakoa, nolabait, zein Uribe Kostakoa landuko dira. Era berean, Bizarra Lepoaneko kideek iragarri dute mintzapraktika saioetan "eskualdeko gonbidatuak" ekarriko dituztela, nahiz eta zeintzuk izango diren ez duten zehaztu. Ildo beretik, ikasleek horrela nahi izanez gero ikastaroa bukatzean bizkaierazko Berbalagun taldea sortzeko asmoa dutela ere aurreratu dute. Ikastaroari buruzko argibide gehiago edo zuzenean izena emateko
bizarralepoan[abildua]euskalnet.net posta elektronikoaren edo 944 914 357 telefono zenbakiaren bidez egin daiteke. Prezioa 150 eurokoa izango da bazkideentzat eta 200 eurokoa elkarteko kideak ez direnentzat. Argazkian, Bizarra Lepoaneko hainbat kide.