EHUko irakasle kaleratuen erdia berriz lanean hasiko da unibertsitatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 13a, 12:58

Jose Ramon Etxebarriak, Jexuxmari Zalakainek eta Nikolas Xamardok utzi diote EHUko irakasle kaleratuak izateari, kolektibo horretan 15 urte egon ondoren. Izan ere, hirurek EAEko Unibertsitate Legeak, Iztueta Legea bezala ezaguna, indarrean jarritako irakasle figura berriei heldu zaizkie euren lanpostura itzultzeko. Horrela, "irakaslego propioaren aldeko borrokaren lehenengo fasea amaiturik" dagoela diote komunikabideetara bidalitako oharrean. Nabarmena da azken urteotan Leioako campuseko irakasle kaleratuen artean sorturiko beste bi alderdiko kideak, Antton Azkargorta eta Luis Herrero, alde batetik, eta Enrique Lopez, beste aldetik, aparteko bidea egin dutela. Irakasle kaleratu ohiek, berriz, eskertu dute 15 urte luzeetan jasotako elkartasuna eta laguntza eta irakaslego propioaren aldeko pankartakideentzako hitzak ere izan dituzte: "portuko kaira guztiak batera iristea posible izan ez den arren, geure pankartakideei desio diegu bidea eta unea aurki dezaten beren helburuak bete ahal izateko". Argazkian, irakasle kaleratuak gogor oldartuak izan dira hainbatetan, batez ere ertzain artean agertzen den Enrique Lopez. Hori, nahi izango balu ere, ezin lioke heldu Iztuetaren Legeak ezarritako irakasle ohiak berreskuratzeko kontratuari.

Jose Ramon Etxebarria, Jexuxmari Zalakain eta Nikolas Xamardoren oharra:

EHUtik iritzi publikoari

Irakaslego propioaren aldeko borrokaren lehenengo fasea amaiturik -hamabost urte pankartaren atzean egon ondoren-, hartu dugun erabakiari buruzko informazioa eman nahi diogu iritzi publikoari.

Bere garaian eginiko apostuko eskari orokorreko funtsezko atalak lortu ondoren (unibertsitatean kontratazio laboraletarako bidea irekirik, LOUren erreforma ordezkaritza sindikalaren hobekuntzekin, irakasle irudi berriak sortzea ahalbidetzen duen legea indarrean...), zenbait baldintzek eta borondatek (Iztueta legearen desblokeoak, batez ere) ahalbidetu egin dute ohar hau sinatzen dugunok unibertsitatera berriz sartzea, irakasle gisa, EHUko plantila barruan.

Bihotzez eskerrak eman eta besarkada bero bat bidali nahi diegu urte horietan guztietan gure borrokaren aldeko laguntza eman diguten pertsona guztiei, sostengu hori etorri den modutik etorri dela, adore hitzak esanez, erresistentzia kutxaren bidez, laguntza juridikoa eskainiz... Elkartasun adierazpen horiek funtsezkoak izan dira urte luzez geure erreibindikazioari bizirik eusteko, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik. Gure ustez, azken balantzea asebetegarria da, eta berriro esan nahi dugu, sistema unibertsitario propioaren oinarria den irakaslego propioaren aldeko borroka horretan saiatzeak merezi izan duela; Euskal Herrian gertatzen diren antzeko esperientzietan bezala.

Ziurrenik ezaguna da azken urteetan irakasle kaleratuen multzoak ez zuela ahots bakarrez funtzionatzen. Izan ere, kolektiboa deseginik geratu zen duela zenbait urte. Orduan jakin genuen ezen, gure gatazkaren norabidea edozein izanik ere, konponbidea ez zela bateratua izango.

Naturala denez, apurketa geratzean, sektore bakoitzak askatasun osoa zuen, gatazkaren soluzio justurako egoki irizten zituen estrategiak erabiltzeko. Gauzak horrela, portuko kaira guztiak batera iristea posible izan ez den arren, geure pankartakideei desio diegu bidea eta unea aurki dezaten beren helburuak bete ahal izateko.

Jose Ramon Etxebarria, Jexuxmari Zalakain eta Nikolas Xamardo EHUko irakasleak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun