Kakarraldo Sunsplash Jaialdia egingo dute bihar lehendabiziko aldiz Urdulizko Andra Mari jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 13a, 18:38

Ohi bezala, orain aste bete jai giroak blaitutako eliz ingurua utzi eta Elortza aldean ospatuko dituzte asteburu honetan Urdulizko Andra Mariak. Halabaina, aurten ez dute eskoletako patioa erabiliko kontzertuak egin eta txosnak kokatzeko: aurreko urteetan sortutako eragozpenak (zikinkeria, kristalekin eskola-umeren bat edo bestek izandako ebakiak...) direla medio ondoko landetara aldatu dituzte horiek. Horrek ez du esan nahi giroa gutxiagorako izango denik. Urdulizko jaiak inoiz baino indar handiagoarekin dabiltza aurten, luxuzko musika-ekitaldia dakarte: Kakarraldo Sunsplash Jaialdia, musika beltza eta munduko musiken jaialdia, "irauteko asmoarekin jaio dena, urtero-urtero herrira musika mota honetan jarduten duten banda interesgarriak ekartzeko helburuarekin", antolatzaileen esanetan. Lehenengo edizio honetan reggae erritmoak izango dira nagusi, ostiral honetan bertan, 23:30etik aurrera, eta sarrera debalde. Bertan joko dute Chalwa (Urduliz), Lone Ark (Kantabria) eta Alpheus (Jamaika). Ekimena soundsystem baten emanaldiarekin bukatuko da. Argazkian, Lone Ark talde kantabriarra.

"Jai batzordeak urteak daramatza musika beltza eta munduko musikak babesten herriko jaietako alternatiba erakargarri moduan. Izandako harrera ona dela eta, apustu hau sendotzea eta jarraitasuna ematea erabaki da. Gainera, Kakarraldo Sunsplash Jaialdia izena ipini zaio ekimenari, udalerriko izen adierazgarria, izan be kakarraldoa Urdulizko sinboloetako bat da", azaldu dute tokiko iturriek.

Skate erakusketa

Halabaina, Kakarraldo Sunsplash Jaialdia ez da aurtengo Andra Mari jaien berrikuntza bakarra: bihar bertan kate erakustaldia izango da, Goieta aldeko pistan. Kirola musikarekin nahastuko dute ekimen horretan, izan ere bertaratzen direnek kirol urbano mota hau praktikatu eta erritmo onenekin gozatzeko aukera izango dute, dj eta hip-hop taldeen eskutik. Besteak beste, patin saio libre batekin hasiko da ekitaldia, 17:30ean, Alai taldeko kideekin batera. 19:00etan, berriz, probak eta ariketak egin beharko dituzte patin gainean parte-hartzaileek. Lehenengo egiten dituztenak sarituko dira. Azkenik, 20:00etan, barbakoa eta patin saio librea izango dira. Calis, Law eta Charles dj-ek girotuko dute ekitaldia. Patin saio librea gauzatzen den bitartean, berriz, hip-hop kontzertu bi burutuko dira Bitxos Raros eta AD+Flow taldeen eskutik.

"Erakustaldi honekin kirol librea bultzatu nahi da herrian, eta baita skate-aren munduarekin zelanbaiteko hartu-emana daukan pertsona guztientzat topagunea bihurtzea, eta modu berean publiko orokorrarengana hurreratzea", azaldu dute antolatzaileek.

Asteburu honetako egitaraua:

Irailak 14, ostirala

18:00 Urdulizko I. Skate Erakusketa eta musika emanaldia Flow & Fayah irratsaioaren eskutik skate pistan.
20:00 Euskal dantzen tailerra eskolan.
20:30 Profesionalen pala partidak Iparralde kiroldegian:
- 1. maila: Gaubeka / Imanol - Fusto / Velilla.
- 2. maila: Zarraga / Larrinaga - Eslava / Altadill.
20:30 Xabier Leginaren pop-rock akustiko musika emanaldia kultur etxeko areto nagusian.
22:00 Antzerkia Ez Dok Hiru bikotearen eskutik kultur etxeko areto nagusian.
23:30 Kakarraldo Sunsplash musika jaialdia, Chalwa, Alpheus eta Lone Ark taldeekin.

Irailak 15, larunbata

10:00 Kalejira.
11:00 Umeentzako parkea: Txu-txu trena, puzgarriak, “porteria gol”, tailerrak eta margolan lehiaketa Elortzan (Euria egin ezkero ekintzak kultur etxe berrian burutuko dira).
11:30 Iratxo Gorria dantza taldearen emanaldia.
12:00 Pin pon txapelketa azkarra (10 urtetik gorakoentzat).
12:30 Dema: Jon Lekandaren astoa sei gizonen aurka.
14:30 Herri bazkaria udaletxeko plazan eta ondoren bertsolariak.
17:00 Profesionalen esku pilota partidak Iparralde kiroldegian.
20:00 Sardina jana eta sagardo festa, bertsolariekin alaituta.
23:00 Kontzertuak Demencia eta Gaubela taldeen eskutik.

Irailak 16, igandea

12:00 Frontenis txapelketako finalak.
16:00 Mus txapelketa (Kata tabernan) eta xake erakustaldia (udaletxeko plazan).
18:00 Areto dantzak eta ondoren play-backa kultur etxeko areto nagusian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun