Laster hasiko dira Salsiduko arrapalak jartzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 13a, 19:52

Algortako Salsidu kalean arrapala mekanikoak jartzeko lanak "aste honetan" hasiko dira, Imanol Landa alkateak gaur aurreratutakoaren arabera. Obren iraupena sei hilabete t'erdikoa izango da -2008ko martxorako martxan egotea espero da-, eta aurrekontua 1.825.078 eurokoa. “Oztopo arkitektoniko handi bat desagertarazi eta, horrek, Salsidu, Aldapa, Ollarretxe, Bidebarri eta inguruko auzoak Algortako erdigunearekin (besteak beste, metroarekin, dendekin, Getxo Antzokiarekin eta herriguneko beste toki estrategiko batzuekin) lotura zuzena edukitzea ahalbideratuko du”, Landak nabarmendu duenez. “Ekimen horrek auzokideen (nagusiak, haurren kotxe eta aulkiekin ibiltzen direnak edo mugitzeko zailtasunak dituztenak) bizi kalitatea hobetuko du. Horrek erakusten du Hirigintza arlotik ere gizarte politika egin daitekeela”, gaineratu du agintari getxoztarrak. Argazkian, Salsiduko arrapalen muntaia.

Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak lan hauek martxan jarri baino lehen burututako lanak gogoratu ditu: besteak beste, Salsidun bat egiten duten kaleetako lotuneak hobetu egin dira. Arrapalek bederatzi tarte izango dituzte, guztira alfonbra mekaniko 225 metro lineal (lehenengo bi zatiak kaleko eskumaldeko aldean egongo dira eta gainontzekoak ezkerrean) eta Udaltzaingoaren koordinazio gunetik zainduko dituzte kamara batzuen bidez. Zuhaitzak bere horretan mantenduko dira.

Hirigintza soziala

Alkate getxoztarrak adierazi du Irisgarritasun Udal Plangintzak "gune kritikotzat" jotzen zituenak konpontzen amaituko dutela lan horiekin (esate baterako Ereagako igogailua edo Bidezabalgo arrapalak) eta, orain, "hirigintza sozialaren" barruko beste ekintza batzuei ekingo dietela "getxoztarren bizitza ahalik eta erosoen egiteko", Villamonteko eskailerak edo Getxoko beste gune batzuei buruzko ikerketa egitea (Aiboa, Portu Zaharra....) tartean , "kaltetuta dagoen jende kopurua eta lehen mailako zerbitzuetara heltzeko aukerak kontuan hartuta”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun