"Gurera heltzen diren lagunen integrazioa gure hizkuntzaren bitartez sustatzea eta, horretarako, oinarrizko zenbait gauza euskaraz esaten irakastea da helburua", azaldu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. Eguneroko egoerak ulertzeko oinarrizko gaiak jorratzen dira, hala nola, agurrak, familia, eskola, garraioa, merkatua edota osasuna. Udal arduradunak uste du Aisa ikastaroek oso harrera ona dutela udalerrian. Azken bi ikasturteotan 100 lagun baino gehiagok parte hartu dute, "Getxo izanik Euskal Autonomia Erkidegoan (zazpi guztira) ikastalde gehien duen udalerria” Iturberen hitzetan.
Larunbat arratsaldean
Beste datu adierazgarri bat da aurreko ikasturtean osatu ziren hiru taldetako bat larunbat arratsaldeetan biltzen zela 17 etorkinen parte-hartzearekin, besteak beste, Kolonbia, Paraguay, Ekuador edo Bolibia herrialdetakoak. Hain zuzen, larunbatero euskara eskolak hartzen aritu den Neida Viera bolibiarrak oso balantze positibo egiten du. Bere bikotekidearekin eta semearekin batera parte hartu zuen. “Klaseei esker agurrak eta forma batzuk ikasi genituen eta horregatik oso pozik gaude”, dio. Aisa Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzua eta Immigrazio Zerbitzuak elkarlanean etorkinak euskarara hurbil daitezen eta euskara ikas dezaten abian jarri duten egitasmoaren zati bat baino ez da, Iturbek nabarmendutakoaren arabera. Horrekin batera, amaitu berria den folk jaialdian aurkeztutako Kaixo Getxo erakusketa, eta iaz estreinatu eta aurten Euskararen Jardunaldien barruan errepikatuko den Euskara Showa aipatu ditu Euskara zinegotziak.
Urriaren 5era arte egongo da zabalik Getxo udalerrian erroldatutako etorkinenei zuzendutako euskara ikastaroetan izena emateko epea. Aisa ekimena 16 urtetik gorako atzerritarrei zuzenduta dago. Ikastaroa 60 ordukoa da, astean 4 klase-ordurekin, bi egunetan banatuta. Eskolak urriaren 15 eta 16an hasiko dira eta otsailean amaituko dira. Matrikula 10 eurokoa izango da eta asistentzia ona izan eta ikastaroa amaitzen dutenei dirua itzuliko diete, diploma emateaz gain. Berrikuntza gisa, Europar Batasuneko herrialdeetatik heldutako lagunek ere -iaz Europar Batasunaz kanpokoei mugatua zegoen- parte hartu ahal izango dute. Izena emateko eta argibide gehiago jasotzeko Udal Euskaltegira, Lauaxeta Euskaltegira edota Udaleko Euskara Zerbitzura jo dezakete interesdunek. Argazkian, Getxo udalerrira bizitzera etorritako etorkin sendia /