Mediterraneoa Areetara ekarriko du bihar Marina Rosell abeslari katalanak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 13a, 21:56

Marina Rosell abeslaria Mediterraneoko abestiak eskainiko dizkio publikoari bihar Getxoko Habanera Jaialdian. Artista katalanaren saioa 20:00etan hasiko da Areetako Xake plazan eta ohikoa den legez doakoa izango da. Marina Rosell itsas-abestien eta habaneren ahots handienetakoa da. 1976 urtean hasi zuen bere ibilbidean zehar artista katalanak eta, dagoeneko, hamabost bat disko argitaratu ditu, horien artean "Penyora" (1978), "Cos meu recorda" (1982), "Barca del temps" (1985), "Cinema Blau" (1990), "Marina" (1993), "Ha llovido" (1996), "Entre linies" (1997), "Y rodará el mundo" (2000), "Cap al cel" (2002), "Maritim" (2003) eta "Vistas al mar" lanak. Horiekin, arrakasta nabarmena ez ezik, sari asko irabazi ditu.

Ibilbide horretan Marina Rosellek oso ezagunak diren beste artista batzuekin abestu du, adibidez Georges Moustaki, Montserrat Caballe, Luis Eduardo Aute, Carlos Cano edo Pedro Guerrarekin, edo Tomatito gitarra-jole flamenkoarekin. Abeslari katalanak birak egin ditu Europan, Ameriketan eta Afrikan abestuz eta horietan ere arrakasta handia lortu du jendearen artean.

Bere saio nagusienen artean ondoko hauek aipa daitezke: Parisko Theatre de la Ville, San Remoko Tenco Jaialdia (Italia), Comoko Utono Musicale Jaialdia (Italia), Huelvako Mediterranioko Musikaren Jaialdia eta Kubako Nazioarteko Jaialdia.

Itsas Azoka eta argazki erakusketa

Kontzertuez gain, aurten publikoak "Getxo eta itsasoa" argazki erakusketaz gozatzeko aukera izango du Habanera Jaialdian. Erakusketa jaialdiko esparruan kokatuko da eta bertan, itsasoari lotutako zenbait argazki egongo dira ikusgai. Halaber, beste nobedade bat egongo da aurtengo jaialdian: Itsas Azoka, hain zuzen ere. Besteak beste, azokan itsaskiak, bakailaoa, kontserbak eta oroigarriak erosi ahal izango dira Areetako Geltokia plazan igandera arte. Azokaren ordutegia honako hau da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Igandean goizeko ordutegian baino ez da zabalduko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun