HAPO berraztertzeko prozesua martxan jarriko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 14a, 18:28

Oraingo Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra (HAPO) balioa galtzeko bi urte falta direla -2001ean onartua izan zen, zortzi urterako- aipatu ordenantza berraztertzea proposatuko du, datorren ostiraleko (irailak 28) osoko bilkuran, Getxoko Udal Gobernu Taldeak. Batetik, "HAPO egungo legediari (Euskal Autonomia Erkideagoko Lurzoruaren Legea, Lurralde Zati Plana, Espainiako Lurzoruaren Legea...) egokitzea", eta bestetik, "alderdi politikoekin zein auzokideen elkarteekin eta gizarte-eragileekin ahalik eta adostasunik handiena lortzea" dira erabaki hori hartzeko arrazoiak, gaurko prentsaurrekoan, Imanol Landa alkateak adierazitakoaren arabera. Izan ere, horrek "etorkizuneko Getxo zehaztuko du" udal agintariaren hitzetan; Getxo aldeko hirigintza egitasmoa tartean. Argazkian, Getxoko udaletxea.

"Adostasuna lortzeko asmoz", Udalean ordezkariak dituzten alderdi politikoei dei egin die gobernu taldeak, lan batzorde bat osatzeko. Horretan udal teknikariek ere parte hartuko dute. Gainera, datorren hilaren 28tik aurrera, bertoko plan urbanistikoekin zerikusia duten auzokideekin -Getxo aldekoekin, esaterako- eta Hirigintzako Plangintzako Aholku Batzordea osatzen duten gizarte eragileekin harremanetan jarriko direla adierazi du Landak. Baita informazioa zabaltzeko erakusketak eta hitzaldiak egingo direla ere. Ildo horretan, "erantzukizunez, zorroztasunez eta perspektibaz" jokatzeko eskatu die “inplikatutako eragile guztiei".

Prozesu luzea

Imanol Landak aurreratu du HAPO berraztertzeko prozesua luzea izango dela, "herritarren artean adostasunik handiena lortu nahi dugulako, eta horrek hausnarketak eta azterketa sakonak egitea suposatuko baitu". Hala ere, babes ofizialeko etxeen eraikuntza ez dela etengo ziurtatu du alkateak. HAPO berraztertzeko prozesua legealdi honetan bukatzea espero du Landak, hau da, 2010 baino lehenago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun