Habaneras de Aguadulce talde gaztelarrak itxiko du Habanera Jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 15a, 13:54

Getxoko XXI Habanera Jaialdia gaur iluntzean amaituko da Habaneras de Aguadulce Gaztelako taldearen eskutik. Valladolideko taldearen saioa 20:00etan hasiko da Areetako Xake plazan eta bertan tradiziozko abestiak eskainiko dizkiote publikoari. Ohi bezala, sarrera doakoa da. Habaneras de Aguadulce 1998an sortu zen Valladoliden belaunaldiz belaunaldi igarotako habanera zaletasunaren ondorioz. Izan ere Kubako gerraren mende urteurrenaren bueltan jaiotzea ez zen kasualitatea izan, ezta merkataritza ugaltzeko Ameriketak eta Gaztela Santanderreko portuaren bidez lotu zuen Gaztelako Kanala taldeak bere irudian bereganatzea ere. Handik hona, Habaneras de Aguadulce talde musikalak genero hori ulertzeko era berria ekarri dio habanera tradizionalari penintsularen itsasertzeko eta barrualdeko bere errepertorioko abestirik herrikoenei esker, baina baita lirika garaikideko konpositore gaztelar eta hispano-amerikar handienen partitura konplexuei esker ere.

Zazpi ahots biltzen dira partitura horiek polifoniarik eztienaren artera iristeko. Laguntza moduan musika-tresnak ere badituzte, hain zuzen ere lauteak, gitarrak, baxuak, xirula, pianoa, akordeoia eta perkusio osoa, eta horrela musikak auditorioa melodia gozoz eta erritmo beroz betetzen du, habanerarik adierazgarrienetatik jaiotzen direnak, edo habanera-bolero fusioetatik, habanera-sonetik, guajira edo son kubarretatik eta beste soinu batzuetatik. Aguadulce taldeak horiek guztiak hautatzen ditu bere publikoak nostalgiaz, malenkoniaz, erritmoz eta freskotasunez beteta dagoen musikaz goza dezan.

2001ean taldearen lehen diskoa argitaratu zen "Desde el trigal" eta arrakasta handia izan zuen publikoaren artean. Handik hiru urtera euren bigarren lana atera zuten plazara, “Navegando por Castilla... en las sendas del canal". Aldi berean taldeak Valladolideko Diputazioak "Habaneras sin puerto" izenarekin editatu duen CDaren grabazioan lagundu du.

Itsas Azoka eta argazki erakusketa

Musikaz gain, publikoak "Getxo eta itsasoa" argazki erakusketaz gozatzeko aukera du Habanera Jaialdian. Erakusketa jaialdiko esparruan kokatu da eta bertan, itsasoari lotutako zenbait argazki egongo dira ikusgai. Halaber, beste nobedade bat egongo da aurtengo jaialdian: Itsas Azoka, hain zuzen ere. Besteak beste, azokan itsaskiak, bakailaoa, kontserbak eta oroigarriak erosi ahal izango dira Areetako Xake plazan igandera arte. Azokaren ordutegia honako hau da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Igandean goizeko ordutegian baino ez da zabalduko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun