Leioako
Udondo gaztetxeak Filipinetako mugimendu libertarioarekiko informazio eta elkartasun eguna ospatuko du gaur. Jardunaldia 14:30ean hasiko da, Filipinetako sukaldaritzan oinarritutako herri bazkari vegano baten bidez. Ondoren, Asiako hego-ekialdeko mugimendu autonomoa eta anarkistari buruzko hitzaldia izango da 17:30ean, gazteleraz. Hitzaldiarekin tartekatuz, hainbat bideo proiektatuko dituzte, kartzela, errepresioa eta tortura oinarri hartuta eta
Sagadako hamaikakoen kasuaren haritik tiraka. Era berean, Mindanaoko Katribu Media Activist taldeak ekoiztutako bideoak ikusgai egongo dira. Arratsaldeko 7etan, berriz, nazioarteko elkartasunari buruzko eztabaida egingo dute. BI ordu beranduago, berriz, Soli-jaia ospatuko dute DJ Malayoren eskutik, punk, new wave eta pasaden mendeko pop doinuak erabiliko dituena. Sortuko diren etekinak Filipinetako iparraldean jarduten duten infoguneak laguntzera bideratuko dira. Gainera, egun osoan zehar irla horietan piztutako borroken argazkiak eta kartelak izango dira ikusgai. Azkenik, ez da aipatu behar izango inguruan Udondo auzoak bere jaiak ospatzen dituela. Argazkian, Filipinetan aurtengo maiatzean egindako udal hauteskundeetarako abstentzio aktiboaren aldeko kartela.