Leioa eta Erandio udalerriak kale musikarien lurraldea bihurtu dira atzotik, eta igandera arte horrela segituko dute, Sestao, Basauri, Ermua eta Zornotzarekin batera antolatu duten Musikale Kaleko Musikarien Nazioarteko Topaketaren zazpigarren edizioari esker. Udalerri hauetan, giro eta formatu anitzetako hamalau talde dihardute kaleetan zehar. 215 musikari horiek ikuskizun oso ezberdinak dituzte, zirku, musika eta bat-batekotasunetik Kubako son eta Brasilgo batukadaraino, antzerkia eta musika tartekatzen dutenak, tenoreak, mariatxiak eta fanfarreak ere badaudela. Taldeen sorburuak ere argi-ilun asko sor ditzake bakoitzak propio dituen erritmoak direla eta: Bali, Burkina-Faso, Herrialde Katalanak, Portugal, Galizia, Italia, Frantzia, Alemania, India, Mexiko, Hungria eta, jakina, Euskal Herria. Gaur arratsaldean O Pedron gaita taldea, Sokan afrikarrak eta bertako Trikileku taldea, 2002an sortua trikitia bultzatzeko, ibiliko dira Erandioko Altzaga auzotik 19:30ak eta 21:45ak bitartean. Beren ibilbidea polikiroldegian hasi eta udaletxe aurrean bukatuko da, Tartanga, metroko plaza, geltoki etorbidea, Jado, Ibarra eta Obieta igaro ostean. Leioan ere, arratsaldean zehar kale esanguratsuenek jasoko dituzte munduko musikarien doinuak. Argazkian, bihar Ondizen eta Astrabuduan joko duen
Mac Jeara’s Band.