Getxoko udaltzainek bi gazte atxilotu zituzten ostiral goizean Algortako Telletxe kalean, Bilboko denda batean marka ezagunetako 65 kolonia ontzi bortxaz lapurtu izana leporatuta. Getxoko Udaltzaingoak jakinarazitakoaren arabera, udaltzainen patruila-auto bat Telletxeko kalean bigarren ilaran aparkaturik zegoen eta gidariaren atea zabalik zeukan turismo bat ikusi zuen. Autoaren inguruan lau gazte zeuden, haietako bat atari baterantz zihoana, eskuetan zerbait handia zeramala. Udaltzainek patruila-autoa geratzean gazteak korrika hasi ziren eta eskutan zeramatena bertan behera utzi zuten. Poliziak haien atzetik joan ziren autoan, Satistegi plazaraino. Bertan, autotik jaitsi eta oinez jarraitu zituzten banandu egin ziren gazteak. Haietako bat Satistegi plazan bertan atxilotu zuten eta beste bat Basagoiti etorbidean, azken biak ihes egin zutela.