Getxoko Habanera Jaialdiaren lehenengo egunean, irailak 13a, Portugaleteko Orfeon Jarrillero taldeak jo zuen. Taldeak gizonezkoen 35 ahots ditu eta bere errepertorioaren barruan besteak beste moteteak, abesti erlijiosoak, musika profanoa, habanerak, biribilketak, zortzikoak, operako piezak eta zartzuela herrikoienetakoak ditu baina, horiek guztiak gorabehera, euren espezialitate nagusia habanerak dira.
Biharamunean, Marina Rosell abeslari ospetsua jardun zen Areetan. Rossell itsas-abestien eta habaneren ahots handienetakoa da. 1976 urtean hasi zuen bere ibilbidean zehar artista katalanak hamabost bat lan argitaratu ditu. Ibilbide horretan Marina Rosellek oso ezagunak diren beste artista batzuekin abestu du, adibidez Georges Moustaki, Montserrat Caballe, Luis Eduardo Aute, Carlos Cano edo Pedro Guerrarekin, edo Tomatito gitarra-jole flamenkoarekin. Abeslari katalanak birak egin ditu Europan, Ameriketan eta Afrikan abestuz eta horietan ere arrakasta handia lortu du publikoaren artean.
Azkenik, jaialdia amaitzeko, Valladolideko Habaneras de Agua Dulce taldea aritu zen Areetan. 1998 urtean sortu zenetik zazpikote horrek habanera ulertzeko era berria ekarri dio tradiziozko jenero horri, penintsularen itsasertzeko eta barrualdeko bere errepertorioko abestirik herrikoenei esker, baina baita lirika garaikideko konpositore espainiar eta hispano-amerikar handienen partitura konplexuei esker ere.
Bestelakoak
Kontzertuez gain, aurten publikoak "Getxo eta itsasoa" argazki erakusketaz gozatzeko aukera izan du. Bertan, itsasoari lotutako zenbait argazki egon dira ikusgai. Halaber, beste nobedade bat egon da aurtengo jaialdian: Itsas Azoka, hain zuzen ere. Besteak beste, azokan itsaskiak, bakailaoa, kontserbak eta oroigarriak egon dira salmentan, Areetako Geltokia plazan. Produktu salduenak itsaskiak eta bakailaoa izan dira Itsas Azokan. Erakusketarekin batera, azokak 3.000 lagunen bisita jaso du.