Leioako gazte bat Gurutzetako ospitalera anbulantziaz eraman behar izan zuten pasa den larunbatean, goizeko 1:30ak aldera, Urdulizko geltokian jaso zuen erasoa dela eta. UKBERRI.NETi lekuko batek adierazi dionez, Y.M. 24 urteko gazte leioztarra ikusi zuen Urdulizko geltokitik irteten, "buruan zauri larria" zeukala. Bere egoera "bat ere ona" ez zen arren "oso lasai" zuzendu zitzaien bertaratu ziren ertzainei eta metroko zaindariek "arrazoirik gabe" bera kolpatu eta bere neska laguna mehatxatu zutela esan zien. Gainera, ertzainei salaketa jarriko zuela eta metroko bideo-kamerek bere hitzak baieztatuko zutela esan zien, anonimotasuna nahiago izan duen lekukoaren arabera. Y.M.-k ertzainei esan zienez kolpatu baino lehen edaten ari zen kalimotxoa metrora sartu baino lehen botatzeko esan zioten zaindariek eta berak horrela egin zuen. Era berean, aurreko egunean, zaindariek bost laguni bidaiatzea debekatu zieten Urdulizen ere. Irudian, Sare Antifaxistak hainbat garraioetako zaindarien erasoak salatzeko eginiko pegatina.