Uribe Kostako Mankomunitateak erabilitako pilak botatzeko 170 ontzi erosi ditu denda, ikastetxe, udaletxe eta kultur etxeetan jartzeko. Bilketa hilean behin egingo du Rezikletak eta, ondoren, bildutakoa Recypilas birziklapen-enpresara eramango dute. Pilen birziklapen kanpaina hau indartzeko etxean erabiltzeko 5.000 pila ontzi (argazkian) ere erosi dituzte, pertsona bakoitzak ontzi horretan pilak gorde eta, bete ostean, hurbilen daukan tokira eraman eta pilentzako ontzi orokorrera botatzeko. Etxean erabiltzeko ontziak Barrika, Sopela, Berango, Urduliz, Gorliz, Plentzia eta Lemoizko udaletxe eta kultur etxeetan daude eskuragarri. "Horrela, pilen birziklapena bultzatu nahi da, hauek hondakin arriskutsuak direlako, lurrean sortzen duten kutsaduragatik eta honekin batera ingurumenean daukaten eragin kaltegarriagatik", adierazi dute mankomunitateko arduradunek.