Bizikleta ibilaldi baten bitartez eman zioten hasiera herenegun, Berangon, Europako Mugikortasun Asteko ekitaldiei. Izan ere, "Guztiontzako kaleak" lelopean, aste honetan egiten ari den ekimenarekin bat egin du tokiko udal erakundeak. Ana Landa alkatearen hitzetan, "herritarrek, batetik bestera joateko, egitan ibilgailu partikularra behar duten hausnar dezaten da jardunaldien helburua; bide batez, garraio publikoak erabiltzen saia daitezen, autoa non aparkatzeaz kezkatu behar izan gabe". Horrenbestez, larunbat honetan, irailak 22, autorik gabeko eguna (modu sinbolikoan bada ere, ez baitute kale mozketarik zehaztu) egingo dute 16:30etik aurrera, Berangoko eskoletan. Besteak beste, txirrindularitza simulagailua eta "kaleffiti" tailerra izango dute txikiek. Argazkian, Algorta eta Areetan ere bizikleta ibilaldia egin zuten igandean.