LAB: "Lanerako joan-etorrien egoera larriak mugikortasun eredua erabat aldatzea eskatzen du"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 18a, 22:30

Irailaren 16tik 22ra Euskal Herriko eta atzerriko zenbait udalerritan ospatzen den Mugikortasun Astearen harira, LABek langileak kaltetzen dituzten zenbait arazo gogorarazi nahi ditu, baita konponbideak eskatu ere. Aste honetan “kaleak guztiontzat” lelopean ikusiko dugu zenbait agintari mugikortasun iraunkorraren alde eta autoaren gehiegizko erabileraren aurkako adierazpenak egiten. Urteko gainontzeko 51 asteetan, ordea, kasurik gehienetan ezer gutxi egingo dute hiritarrek benetako aukera izan dezaten bidegorrietan zehar beharrezko ekipamendu eta tokietara iristeko edota garraio publikoaren maiztasuna, kalitatea, eskaintza eta prezioa benetan egokiak izan daitezen.

Jakina da Tokiko Agenda 21en eskutik datozen Mugikortasun Planak ezartzekoak direla hurrengo urteetan euskal herri ugaritan. Gure aldetik, bestelakoak ahaztu barik, langileon joan-etorrien arazo larria nabarmendu nahi dugu. Lanerako joan-etorrietako ezbeharrak, “in itinere” izenekoak —baita “langintzan” deritzenak ere— izugarri ugaldu izana ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.

Balizko pizgarriak

Egun berton nagusi den garraio ereduak, errepidearen mendekoa erabat, lurralde antolamendu zein hirigintza penagarriak eta produkzio eta salmenta eredu gero eta sakabanatuagoak, denek batera, gero eta joan-etorri gehiago eta gero eta luzeagoak eginarazten dizkigute langileoi. Eta horrek eragin ikaragarria dauka gure lan eta gizarte baldintzetan.

Mugikortasun motorizatuaren arrazoi nagusia lan kontuak izatea arrazoi nahikoa izan behar da Mugikortasun Planetan eta goragoko erabaki politikoetan arreta berezia eskaintzeko. Hala, enpresa guneetarako garraio publikoa hobetzea ezinbestekoa da, pizgarriak eskaintzea garraiobide publikoa erabiltzen duen langileari, bidegorri eta oinezkoentzako bideak atontzea eta oro har trafikoaren eskaria kudeatzea.

Okerreko bidetik

Azken hamarkadetan bultzatu den eredua, tamalez, oso bestelako ezaugarrietan oinarritu da. Baztertu egin dira herri konpaktoak, etengabeko bide-azpiegitura erraldoien eraikuntza izan da nagusi, eta orain entzun behar dugu errepideetako ilaren konponbidea Abiadura Handiko Trenak ekarriko duela. Diru publikoen inbertsioak horretara bideratuz gero eta autoaren erabilera etengabe elikatuz Supersur, 2x2, Donostialdeko 2. saihesbidea eta abarrekin, soberan egongo dira Mugikortasun Asteak, iraunkortasunaren aldeko hitz politak eta urtean behineko agintarien bizikletalditxoak. Halaber, salatu nahi dugu garraio publikoaren zerbitzuak pribatizatzeak kalitatearen galera dakarrela, gizartearen beharren gainetik interes ekonomikoak lehenesten baititu.

Ezeren zain egon barik, beharrekoa da irizpide zaharkitu eta okerrak bazterrean uztea eta langileok eta gizarte osoak behar duen mugikortasun eredua ezartzeko, diagnostiko serio eta instituzio eta gizarte eragileen arteko eztabaida zabalaren ondoren etorri behar dena.

LAB sindikatua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun