Neguriko ertzain-etxea handituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 19a, 12:55

Ertzaintzak Negurin duen polizia-etxea eraikinaren azalera 300 bat metro koadrotan, %20,90, handituko du Herrizaingo Sailak, 1.385,48 metro koadrotik 1.675era jauzia eginez. Era berean, egungo parkingaren ordez, parking estalia egingo dute. Horrela jakinarazi zuen (pdf) Javier Balza Herrizaingo sailburuak pasa den irailaren 11n, Carlos Urquijo legebiltzarkide popularrak eginiko idatzizko galdera (pdf)ri erantzutean. Balzak argitu duenaren arabera, ertzain-etxean egingo dituzten herri lanak "ez dira instalazioen azalera" handitzeko, "Ertzaintzak egiten dituen jarduerak irisgarritasuna, segurtasuna eta izaera tekniko aldetik egun indarrean dauden arau-baldintzetara egokitzeko baizik". Gainera, sailburuaren iritziz Neguriko ertzain-etxearen instalazio batzuk "herri lanetarako etxoletan daude" eta eraikina "etengabeko konponketa egoeran dago" eta "pitzadurak" eta "ur filtrazioak" daude bertan. Argazkian, Javier Balza / Oier Gorosabel.

Egun, Ertzaintzak Negurin duen lursailak 7.500 metro koadro ditu eta neurri horretan geldituko da. Urquijok hala eskatu arren, idatzitako testuan Balzak ez du esaten zergatik mantenduko duten Neguriko ertzain-etxea, Erandioko ertzain-hirira lekuz aldatu beharrean, baina Negurik ertzain kopuru bera jarraituko duela dio.

Bestalde, Javier Balzak 2006ko azaroaren 8an ziurtatu zuen Neguriko lanak 2007an egingo zirela, baina horrela izango denik ez dago argi. Izan ere, Urquijori emandako erantzunean Balzak onartzen du ez dakiela lanak noiz hasiko diren, zenbat iraungo duten eta ezta zenbat kostatuko duten ere. Halere, iaz Gasteizko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean Balzak diru-kopuru bat ezarri zuen sei ertzain-etxeetan egin beharreko lanetarako: Gasteiz, Donostia, Iurreta eta Beasaingo lanak bukatzea, Bilboko komisariako lanak eta Neguriko "ertzain-etxearen zahar-berritze osoa". Guztira, bideratutako kreditua ia 6'5 milioi eurokoa izan zen. Zehatz-mehatz, 6.439.232 euro.

1.500 beharrean, 1.675 metro koadro

Orain arte lanak egiteko publiko aurrean emandako urrats bakana Getxoko Udalbatzak eman zuen pasa den apirilaren 27an. Bilkura horretan, EAJ, EA eta Ezker Batuaren botoei esker, eta PSE-EE eta PPren abstentzioarekin, aldaketa zehatza onartu zen Getxoko Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorrean (HAPO) ertzain-etxearen lur-zatirako, Barreu Arquitectos enpresak aurkeztutako dokumentazioaren arabera. Halere, Udalbatzak 1.500 metro koadroko muga jarri zion eraikuntzari eta Balzak, dagoeneko, 1.675 izango duela iragarri du. Era berean, Getxoko alkateak iragarritako udalerriko HAPO berraztertzeko prozesua aldatu edota atzeratu lezake hau guztiau.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun