Hainbat laguntza ditu Getxoko Udalak: bitarteko ekonomikorik ez duten getxotarrentzat, aita eta amentzat, merkatarientzat, begiraleentzat, entrenatzaileentzat eta beste hainbatentzat. Laguntza hauen "garrantziaren erakusgarri" ondoko datuak eman ditu Koldo Iturbe Euskara zinegotziak: 2006an Getxoko Udalak 94.388, 52 euro banatu zituen laguntzetan. Hauekin batera, euskaltegiei eta ume-euskaltegiei ematen zaizkien laguntzak ere aipatu behar dira. 2006an, guztira, 14.786 euro banatu zituen Udalak euskaltegien artean. Izan ere, udal arduradunaren hitzetan, “euskara ikasteko bide azkarra, erraza eta berme guztiak dituena da euskaltegia. Getxo udalerrian, edonon, bizi zarela euskaltegia daukazu etxetik gertu”.
Osasun ona
Euskaltegietako matrikulazioak "osasun ona" du Iturberen ustez. “Duela urte batzuk matrikula kopurua jaitsi bazen ere, orain berriro gora egin du; batez ere, euskaltegiek herritarren eskariei egokitzeko egindako esfortzuari esker” azaldu du. Horrela, 2005-2006 ikasturtean 2.130 pertsona matrikulatu ziren udalerriko euskaltegietan, aurreko ikasturteko 2.065 ikasleen muga gaindituz. Matrikulazio kanpainaren aurkezpenean lau euskaltegietako ordezkariak, Uztarrikoak barne, izan dira. Azken horretan umeek ikasi dezakete euskara, eta klaseak Algortan, Getxon eta Areetan ematen dituzte. Euskaltegi guztietakoek beren ikastaroak eta beren ezaugarriak aurkeztu dituzte.