Euskara eskolak jasoko dituzte nahi duten merkatari getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 19a, 19:43

Merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko hiru ekimen "berritzaile" aurkeztu ditu Getxoko Udalak. Lehenik eta behin, higiezinen agentziei zuzendutako CD bat argitaratu du tokiko erakundeak, "Etxe bila zabaltza?" lelopean. Bestalde, "Eskerrik asko euskaraz eskatzeagatik" esaldia daramaten ezpainzapi-ontziak, ezpainzapiak eta edontzi-azpiko banatuko ditu ostalaritza establezimenduetan. Azkenik, Merkataritza sektoreko profesionalen eskaerari erantzunez, euskara ikastaroak antolatu ditu HABE, Getxo Empresa eta Merkataritza eta udalerriko euskaltegiekin batera, bezeroak euskaraz artatu ahal izateko. Orotara, 60 orduko iraupena izango dute eskolek eta horien prezioa 50 eurokoa izango da (ikastaroa amaitzen dutenei diruaren erdia bueltatuko zaie). Diplomarekin batera, euskaraz aritu ahal izateko materiala oparitu eta taberna edo jatetxearen publizitatea egingo zaie UK aldizkarian. Izen-emateak datorren urriaren 5era arte egin ahal izango da, Udal Euskaltegian, Lauaxeta AEKn, Jose Antonio Agirre euskaltegian.

CD interaktiboa interesa duten higiezinen agentzietan banatuko da doan eta honako atal hauek ditu bere baitan: batetik, higiezinen arloan erabiltzen diren hitzak jasotzen dituen hiztegia, salgai dauden etxebizitzen ezaugarriak iragartzeko fitxa ereduak, eta etxebizitzen salerosketetan erabiltzen diren kartel eredu ohikoenak. “Horrekin batera, higiezinetara hurbiltzen direnek etxearen ezaugarriak apuntatu ahal izango dituzte horretarako prestatutako eredu elebidunean. Honela, euskararen erabilera etxe baten salerosketan parte hartzen duten guztien artean sustatu nahi da: saltzaile eta eroslearen artean”, esan du gaur goizeko prentsaurrekoan Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. Getxoko Udalak 150 CD, bezeroentzako 3.000 eskuorri eta 200 kartel banatuko ditu.

Taberna eta jatetxeak

Gainera, “Eskerrik asko euskaraz eskatzeagatik” lelopean, Getxoko Udalak 400 ezpainzapi-ontzi , 200.000 ezpainzapi eta 2.000 edontzi-azpiko banatuko ditu udalerriko taberna eta jatetxeetan, "ostalarien eta bezeroen arteko komunikazioan eragiteko asmoz". Ekimena GEHI: Euskara Merkataritzara programaren barruan kokatzen da. Ekimen honen barruan Getxoko Udalak 226 establezimenduri eskaini dizkie bere zerbitzuak. Hauetatik 126k bat egin du ekimenarekin, hau da, ia %60.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun