Ertzaintzak 32 urteko gizonezko bat atxilotu du gaurko ordu txikietan Algortan, taberna batera ezkutuan sartu eta indarra erabiliz lapurreta delitua egitera zihoalakoan.
Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, gaur goizaldeko laurak jo baino apur bat lehenago herritar batek Ertzaintzara deitu du pertsona susmagarri bat Basagoiti etorbideko taberna batera sartu dela esanez. Hara joan den patruila-autoko ertzainek lokaleko ateburuak kalteak zituela eta beira bat hautsita zegoela ikusi dute. Barruan begiratuta, gizonezko bat ikusi dute, barraren atzean ezkutatzen. Berehala, poliziek irteteko eskatu diote, eta gizonak, kontra egin barik, horrela egin du eta eskuan zeramatzan jaka eta poltsa eman dizkie. Hartu dituen ertzainak jakak pisu handiegia zeukala igarri duenez, poltsikoetan begiratu du eta horietako batean euro bateko txanponez betetako bi poltsa aurkitu ditu, antza lapurretan lortutakoak.