Getxoko PPk udalerri horretako zinegotzi popular batek Sopelan duen etxean agertu diren "mehatxuzko pintaketak" salatu eta gaitzetsi egin du. Marisa Arrue (argazkian) Getxoko PPren bozeramaileak salatu du Jone Ruiz de Eguilaz familiarekin bizi den Sopelako etxeko fatxadan, bi pintaketa agertu direla. Batean "ETA, hil itzazu" irakur daiteke eta bestean PPren hizkiak diana baten barruan agertzen dira, beti ere PPk emandako informazioaren arabera. Arrueren aburuz, gertatutakoak frogatzen du "hiritarren ordezkari legitimoen aurkako indarkeriak amaierarik ez duela. Dena den, guk gure auzokideen interesak defendatzen jarraituko dugu, horretarako aukeratu baikaituzte". Jone Ruiz de Eguilaz Getxoko PPren hamargarren zinegotzia da eta jesarlekua Espainiako Alderdiaren Legeari esker lortu zuen, Hauteskunde Batzordeak EAEko botoak kontuan hartuz gero alderdi independentistak bi zinegotzi izango bailituzke, tartean Jone Ruiz de Eguilaz popularrak erabiltzen duen jesarlekua bereganatuz.