Getxoko Udalak ziklomotor eta motorren zaratak ekiditeko kontrolak jarriko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 20a, 23:34

Getxoko Udalak ziklomotorren eta motozikleten kontrolak areagotu egingo ditu, datorren irailaren 30ean zaratak kontrolatzeko amaituko den kanpainaren bitartez. Imanol Landa Getxoko alkateak azpimarratu du “ulertezina dela oraindik gaur egun gidari batzuek eragiten dituzten eragozpenez kontzienteak ez izatea eta ezta sortzen duten kutsadura akustikoaz ere”. Auzokide batzuek helarazitako kexak ulertu eta "horiekin bat" datorren alkateak udal arautegiak ezarritakoa betearaziko duela nabarmendu du, “dagoeneko informazio eta prebentzio ekintza ugari egin baititugu”. Jadanik udalerriko auzoetan martxan jarritako kontrolak ordutegi luzean egingo dituzte eta mota honetako ibilgailuak ibiltzen diren tokietan jarriko dituzte eta baita herritarren kexak eragiten diren aldeetan ere. Gune horietan kontrolaz tokiz aldatzen joango dira, gidariek elkar abisatzea eta horrela zaintzatik ihes egitea ekiditeko. Argazkian, zarata egiteko manipulatutako motor bat / Pepe Mendoza.

Kontrolak egingo dituzten udaltzainek gehinezko potentziako neurketa sonometrikoak egingo dituzte; ziklomotorren eta motozikleten ihes hodiak, segurtasun elementuak (kaskoa) eta agiriak aztertuko dituzte. Ibilgailuek eragiten dituzten zaraten gaineko Udal arautegiak, besteak beste, isilgailurik gabe ibiltzea edo isilgailu ez egokirekin, manipulaturekin edo oihartzun handiko hodirekin debekatzen du. Era berean, abiadura bortxatzea galarazten da, beharrezkoak ez diren bat-bateko azeleratzeagatik zarata gogaikarriak egiten dituztelako, eta baita tutua edo beste soinu gai batzuk etxaldeetan jotzea ere, harrapatze edo talka bat ekiditeko ez bada.

Isunak izango dira

Arautegiaren arabera isunak 90 eta 600 euroen artekoak dira, arinenetik larrienera, esate baterako, isilgailurik gabe ibiltzea edo egokia ez den batekin, manipulatu batekin edo oihartzuna egiteko hodirekin; kontrola egitea oztopatzea; 12 dezibelien zarata maila gainditzea edo urte bateko epean arau hauste larriren bat berriz egitea.

Burututako azken kanpainan, 119 ibilgailu kontrolatu zituzten udaltzainek eta horietatik 82 elementu egokirekin ibiltzen ziren. 31 geldiarazi eta udal gordailura eraman zituzten akats larriengatik (ihes hodi ezegokiak edo homologatu gabekoak eramateagatik) eta beste 5ek ez zuten baimenik edo matrikularik. Arau hauste larriengatik 25 salaketa ipini zituzten udaltzainek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun