Fredi Paya: "Kultur erreserbak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 21a, 19:23

Bizkaian gertatutako tragedia greziarra. Lemoizko Andraka auzo erabat euskaldunean, etxebizitzarik eraikitzeko baimenik ez zuen izan berrogeita hamargarren hamarkada osteko belaunaldiak. Ondorioz, herritik kanpora bizitzera joan behar izan zuten; gehienak Mungiara joan ziren eta gainontzekoak Getxo ingurura. Orain urte gutxi txaletak eraikitzen hasi zen Bilbo eta Getxo inguruko jendea. Bertako aitite-amamekin batera, ospa egin behar izan zuen belaunaldiaren lekua hartu eta, biologiak agintzen duenean, Andrakako biztanle bakar bihurtuko dira. Adibide bat baino ez da, baina gure geografiako leku askotan jazotzen dabilen anomalia kulturala islatzen du. Ordezkatze horrek sortzen dituen ondorio ugarietatik, bakarrean zentratu gura nuke. Argazkia: Koska irratia.

Etxe berriak eraiki dituztenen sano kopuru handia hispanofono elebakarra da. Orain gutxi arte mendebaldeko bizkaieraren gotorleku izandako bat desagertzeaz gain, hiri handi bateko egoera soziolinguistikoa sortuko da arrazoi ekonomiko eta administratibo hutsengatik. Horri gehitzen badiogu, orduko andrakarrengan herri handiago eta erdaldunago batera joateak sortu zuen erdararekiko joera, ondorioa ezin etsigarriagoa da.

Aitzitik, irtenbide egingarria begitantzen zait, herri euskaldunetan, legez mugaturik egotea etxea eraiki eta bizitzera joan daitekeen erdaldunen, euskaldun kopuruarekiko, ehunekoa. Natur Erreserbek lege bereziak badituzte, zergatik ez kultur erreserbek?

Flandriarrek aspalditik egiten dute.

Fredi Payak gaur "Berria"n argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun