EHUko Zuzenbideko ikasleek auzitegietan praktikak egiteko aukera izango dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 24a, 20:31

Leioa eta Donostiako campusetan dagoen EHUko Zuzenbide Fakultateko bosgarren mailako ikasleek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako justizia-auzitegietan praktikak egiteko aukera izango dute. Horrela zehazten du gaur goizean Fernando Ruiz-Piñeiro hiru lurraldeko Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Juan Ignacio Perez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak sinatu duten lankidetza-hitzarmena. Ruiz-Piñeirok Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren izenean sainatu du eta unibertsitatearen izenean Javier Quel Zuzenbide Fakultateko dekanoa eta Adela Asua Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Ataleko dekanordea ere izan dira. Aipatu praktikak Practicum irakasgaiaren baitan sartuko dira. Berau lizentziaturako azken mailan egiten da eta zuzenbide arloko praktika profesionalean trebatzen hasteko aukera ematen du.

Practicum irakasgaiaren bidez ikasleek zuzenbidearen ezaguera praktikoak bereganatzen dituzte, profesional baten eskutik (praktiketako kanpo-tutorea esaten zaiona) eta Fakultateko irakasle batekin elkarlanean jardunez.

14 kredituz osatutako irakasgaia da; horietatik 10 kanpoan egindako praktikak izan behar dira derrigorrez. Kreditu bakoitzak 25 praktika-ordu dauzka. Hortaz, Practicumak kanpoan egindako 250 praktika-ordu izango ditu, gutxienez.

Otsailean hasiko dira praktikak egiten

Prestakuntza-jarduera hori otsailean hasiko da eta, berau amaitutakoan, kanpo-tutoreak (karrera judizialeko kidea) txosten bat entregatuko dio irakasle arduradunari. Txostenean ikaslearen jarduerari buruzko azken ebaluazioa jasoko da. Aurten hogeita hamar bat ikaslek hitzarmenaren onurak jasoko dituztela uste da; datozen urteetan kopuru hori arian-arian handitu ahal izango da.

Interes komuna

Hitzarmena interes komunaren fruitua da: batetik, epailetzaren organo gorenak etorkizuneko epaile eta magistratuen prestakuntzan parte hartzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio; eta bestetik, EHUko Zuzenbide Fakultatearen interesari, bertako ikasleek Practicuma auzitegi eta bulego judizial desberdinetan egitea lortu ahal izateko, praktika juridikora eta zuzenbidearen ezarpenera hurbiltzeko bereziki eraginkorrak baitira.

Hemendik aurrera oinarrizko hitzarmen hori hitzarmen zehatzen bidez gauzatuko da, EHUk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat organo judizialekin batera sinatuko dituenak.

Hitzarmen horri esker, ikasleei epaitegi eta auzitegietan praktikak egiteko eta praktika juridikora hurbiltzeko beste aukera bat emango zaie.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun