Ertzaintzak I.A.B. 32 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo pasa den ostiralean Algortako banketxe batean lapurreta egiten saiatu zelakoan. Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioaren arabera, pertsona bera aurreko egunean ere atxilotu egin zuen Euskal Poliziak Algortan, taberna batean lapurtzen zegoelakoan harrapatu zutenean. Banketxeari dagokionez, ostiralean goizeko hamar eta erdiak jota, norbaitek Ertzaintzari ohartarazi zion Algortan kokatutako banketxe bateko bulegoan gizonezko bat lapurreta egiten saiatzen ari zela. Esan zutenez, minutu batzuk lehenago gazte bat banketxera joan zen eta, mehatxuzko idazki baten bidez, langile bati jakinarazi ei zion hori lapurreta bat zela eta berehala diru kopuru jakin bat emateko eskatzen ziola. Antza denez, langileak uko egin zion eskaera onartzeari eta borroka txiki bat izan zuen ustezko lapurrarekin; orduan honek alde egin zuen bere helburua lortu gabe.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!