Berangoko Udalak urrian emango die hasiera 60 urte gorakoei zuzendutako 2007-2008 ikasturteko jarduerei. Berrikuntzak berrikuntza, bi zerbitzu kendu egin dituzte igazko egitarauaren aldean: podologia eta ileapainketa, hain zuzen. Hala ere, ahal bada, ikasturtean zehar martxan jartzen ahaleginduko direla adierazi dute udal agintariek. Bestalde, lege-aholkularitza dohainik emango zaie nahi duten guztiei. Horretarako, ordua eskatu beharko zaio aldez aurretik Noelia Ruiz aholkulari eta abokatuari. Egitaraua osatzeko gimnasia (astearte eta ostegunero, 11:00etatik 12:00etara), areto dantzak (asteartero, 18:00etatik 19:30era), erlaxazio tailerra (asteazken eta ostiralero, 11:00etatik 12:00etara) eta informatika (astelehen, asteazken eta ostiraletan, 12:00etatik 13:30era) izango dituzte aiton-amonek. Horretaz gain, hitzaldiak -hurrengoa nutrizioari buruzkoa- ere egingo dituzte. Dagoeneko urriaren 19rako dantzak (19:00etatik 21:00etara) antolatu dituzte Nagusien Etxean, sarrera doan. Ikastaroetan izena eman nahi dutenek bertara jo beharko dute. Argazkian, aiton-amonek askaria egiten Berangoko Nagusien Etxean.