Algortako 26 dendako jabe eta langilek parte hartuko dute bihar eta etzi Telletxeko parkingean burutuko den Merkatu Txikiaren hirugarren edizioan. Joseba Arangunen eta Itziar Garate dendariek jakinarazi dutenez, 550 metro koadroko karpapean mota guztietako gauzak erosi ahal izango dira %50 eta %80 arteko beherapenarekin. Baina, antolatzaileen arabera, “gero eta sarriago egiten ari den ekitaldiaren helburu bakarra ez da saltzea, batera lan egitea ere lortu nahi baita, merkatarien elkartean egonda ala ez. Denda txikien esparru ekonomikoa eta soziala ere aldarrikatu nahi dituzte”. Ekimenaren antolatzaileek udalerriko beste toki batzuetako saltzaileak ere gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera, eskaintza kirol eta haur moda, ehungintza, etxea, opariak, zapaten eta osagarrien alorrekoak izango dela, besteak beste. Hortaz, bihar eta etzi, 12 metro koadroko 26 saltoki izango dira zabalik Telletxen, 9:30etik 20:30era.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!