Itzubaltzeta eta Areeta "banatu" nahi izatea egotzi die PP eta PSE-EEri Getxoko EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ira. 27a, 20:56

Areetako Xake plaza "atseginagoa" bilakatzeko egindako proposamenari erantzunez, "euren benetako asmoa ezkutatu" nahi izatea egotzi die PP eta PSE-EEri Getxoko EAJk; "Gobela ibaia desestaltzea, alegia". Horrek Itzubaltzeta / Romo eta Areeta arteko "banaketa" ekarriko luke jelkideen hitzetan. Halabaina, euren asmoa argi eta garbi plazaratu dute popularrek eta sozialistek: auzokideek egungo plaza ez dutela gustuko argudiatuz, Gobela ibaia estalgabetu eta ibilgua "etxebizitzetatik ahalik eta gehiago urruntzea". "Ibaia horren hurbil egoteak etxebizitzetan hezetasuna eragiten du eta, hori gutxi balitz, bere arriskua badauka erreka eraikitako gune batetik igarotzea", adierazi du Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak. EAJ, ordea, Xake plaza berrantolatzera mugatzen da, "horretarako inguru horren erabiltzaileen eta Itzubaltzeta eta Areetako bizilagunen beharrizanak eta eskaerak ezagutzeko beharrezko bideak ahalbidetuz". Batzuek zein besteek mozio aurkeztuko dute biharko udalbatzarrean. Argazkian, asteartean egin zuten mozioaren aurkezpena Marisa Arrue eta Luis Almansak, Getxoko PP eta PSE-EEko bozeramaileak, hurrenez hurren.

Getxoko Kultur Etxeak antolatutzen dituen hainbat ekitaldi egiteko Xake plazan jartzen duten karpa erraldoia ere izan dute hizpide batzuek zein besteek. Arruek aipatu egiturak "plazaren erabilera urtean sei hilabetez hipotekatzen" duela aipatzen duen bitarteaz, "jarduera horiek desagertzeko arriskuan ez jartzeko alternatibak bilatzea posible eta beharrezkoa" dela adierazi du Koldo Iturbe jelkide getxoztarren eledun eta Kultura zinegotzia ere badenak. Metroa jartzeko asmoz trenbidea lurperatzeko obren barruan desbideratu zuten Gobela errekaren ibilgua. "Hasieran, behin-behineko kontua izan behar bazuen ere, behin betikoa bilakatu da", kexu da Arrue.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun