Getxoko EAEk bidalitako oharra
EAE-ANVk Espainiako Armadako itsasontziek Arriluzeko kaia erabiltzea salatzen du
Egunotan Espainiako Armadak Arriluzeko kaiaz egiten duen erabilera salatu nahi du EAE-ANVk. Zehazki, 40 marinel eta kainoi bi daramatzan maila handiko Arnomendi patruilauntzia gurutzuntzien nasa erabiltzen egon da.
Herrialde aberatsetako aberatsen bisitaldi bakoitzak dakarren poliziaren mobilizazio handiari (dozenaka ertzain eta guardia zibil, patruilauntziek eta helikopteroek lagunduta), beraz, orain Espainiako Armadaren presentzia ere gehitzen zaio.
Gogoratu beharra dago kai horren kudeaketa Eusko Jaurlaritzak egiten duela, Euskadiko Kirol Portuak baltzu publikoaren bitartez. Eta Getxoko Udalak berak kaiaren beharra defendatu zuela, turismoa erakarriko lukeela esanez.
Bere garaian kai honen aurkako jarrera agertu zuen Getxoko ezker abertzaleak, besteak beste gure ingurumen fisikoa hondatzen zelako, aberats gutxi batzuen mesedetan eta Getxori onurarik ekarri gabe. Orain, etorritako turisten artean Espainiako Armada ere badagoela ikusirik, gure lehengo jarrera berretsi nahi dugu. Era berean, honakoa eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari: ez diezaiola baimenik eman inongo armadako itasuntziri bere ardurapeko nasak erabiltzeko, hainbeste aldarrikatzen duen bakearen izenean. Eta Getxoko Udalari, Ereagako hondartzan Espainiako Armadak egindako ariketak salatu zituen bezalaxe, oraingo erabilera hau ere jendaurrean sala dezan.
Getxoko EAE-ANV