Herri galdeketa egingo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2008ko urriaren 25ean, Espainiarekin adostutako balizko “itun politikoa” berresteko edo egoeraren “blokeoa gainditzeko". Hori agindu du gaur Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Gasteizko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran,
berria.infok jakinarazi duenez. Ibarretxek "aro berri baterako" bidean azaldu dituen asmo eta egutegien arabera, hemendik eta 2008ko ekainera arte Espainiako Gobernuarekin indarkeria albo batera uztearen eta erabaki eskubidearen inguruan ituna eskuratzea saiatuko litzateke. Akordioarekin zein akordio ezean, 2008ko ekainean Gasteizko Legebiltzarrari eskatuko lioke herri kontsulta egiteko baimea. Ganberak ukatzekotan, hauteskundeak aurreratuko lituzke gehiengo berriak kontsulta ahalbidetzeko asmoz. Hortaz, 2008ko urriaren 25ean, “proposamen zehatza, argia eta adornurik gabekoa” egingo lieke EAEko biztanleei akordioa berretsi edo egoera desblokeatzeko. Hortik aurrera, galdeketaren emaitza aldekoa izatekotan, "ETA behartua legoke indarkeriari uko egiteko, eta alderdi politiko guzti-guztiak negoziazio politikorako mahaia abian jartzeko". "Prozesuari amaiera emateko", 2010ean erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du.