Blogstival ekimena arratsaldean hasiko da Algortan gazteria eta teknologia uztartzeko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 4a, 17:40

B-Side elkarteak antolatuta, gaur eta larunbata arte "on line" dauden gazteguneen Blogstival topaketa burutuko dira, Algortan eta "off line" eran. Ekimena laguntzen duen Getxoko Udal Gazteria Arloko teknikariek jakinarazi dutenez, gutxienez 120 nerabe eta gazteen presentzia ziurtatuta daude, udalerriko ikastetxeetako hainbat ikaslek eta esparru hauetan guztietan interesa duten guztiek ere parte hartuko baitute. Ekimenaren helburu nagusia “ikasleak teknologiaren mundu zabalean sormenetik murgiltzea" da, Koldo Iturbe Gazteria Arloko zinegotziaren arabera. "Baloreak eta prebentzioko instrumentuak sustatzen dituen tresna bat gehiago" bezala hartzea nahi du Iturbek eta bide horretan hainbat ikastetxeren laguntza izan dute: “ikastetxeek ekimenarekiko interes handia agertu dute”. Topaketetan gazteek sortutako webgune eta bitakorei zein gazteen arreta pizten dituzten gaiei arreta berezia eskaintzeko asmoa dutela adierazi dute antolatzaileek, drogak, sexua, etxebizitza eta lana, besteak beste presente izango direlakoan.

Era berean, antolatzaileek jardunaldiak baliatu nahi dituzte jendearen esperientziak trukatzeko, egun Interneten sakabanatuta dauden gazteentzako espazioak erabiliz eta, aldi berean, horien berri emateko. Gainera, topaketa horretatik ateratzen den guztiak hezkuntza, pedagogia eta gizartean ondorioak ere eduki ahal ditzan. Nabari denez, ohiko bloglari euskaldunek antolatzen duten Blogs&Beers topaketetatik oso urrun.

Getxoko B-Side elkartea profesional batzuek osatzen dute eta jarrera negatiboen prebentzioa lantzeari ekiten diote, batez ere, teknologia berriei lotuta.

Jardunaldiak Algortako Villamonte kultur aretoan, Tangora etxean, Algortako Telletxe plazan eta The Piper´s Irish Pubean izango dira. Topaketa gaur arratsaldean hasiko da Julen Iturbe eta Beatriz Williams-en arteko mahai-inguruarekin, 19:30ean, eta ondoren, 20:30ak aldera, Eorann taldeak eskainiko duen kontzertuarekin.

Bihar, ostiral goizean, Aixerrota, Julio Caro Baroja eta Fadura institutuetako eta San Nikolas ikastolako 120 ikasleentzako tailerrak izango dira eta publiko osoari zabalik egongo diren beste ekitaldi batzuk ere izango dira Villamonte kultur aretoan. Bihar arratsaldean, berriz, ekitaldiak Telletxe plazan eta The Piper´s Irish Pubean ere izango dira eta larunbateko egitarauak Tangora etxean linux sistemaren, DJen eta bitakoren gaineko tailerrak egiteko aukera eskainiko du. Informazio gehiago jasotzeko interesatuek B-Side elkartearekin edo Gazteria Udal-Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan 635 310 251 eta 944 660 018 telefono zenbakietan edo www.blogstival.com webgunean.

Egitaraua:

Urriak 4, osteguna:

- 19:30ean, Mahai-ingurua Julen Iturbe (artesaniaenred) eta Beatriz Williamsekin (La bitacora de la bailarina), The Piper´s Irish Pub-en.
- 20:30ean, Kontzertua Eorann taldearekin, The Piper´s Irish Puben.

Urriak 5, ostirala:

- 9:30etik 11:30era, Ikastetxeentzako blogen tailerrak Villamonte kultur etxean.
- 9:30etik 11:30era, Blogosferia: ‘online’ dauden gazteguneen jarduera irekiak: Wii, DJ ordenagailuz, Interneterako sarbidea eta Youtube, Villamonte kultur etxean.
- 17:00etatik 20:00etara, Blogosferia: ‘online’ dauden gazteguneen jarduera irekiak: Wii, DJ ordenagailuz, Interneterako sarbidea eta Youtube, Villamonte kultur etxean.
- 18:00etan, "Gazteak eta blogak" Lorena Fernandez Nireblog.com-en sustatzailea, Villamonte kultur etxean.
- Ondoren, Sergio Monge marketin aholkularia eta ikuskizuneko komunikazioan eta publizitatean doktorearen hitzaldia, Villamonte kultur etxean.
- 19:30ean, bideoartea, breakdance eta bestelako ekimenak kalean, Telletxe plazan.
- 22:00etan, Kontzertua White Wood taldearekin eta topaketen jaialdia, The Piper´s Irish Puben.

Urriak 6, larunbata:

- 10:00etatik 13:30era, aurretik izen-ematea behar duten Gazte Zerbitzuaren tailerrak: Linux, DJ ordenagailuz eta bloga, batzuk Villamonte kultur etxean eta besteak KZGunean.
- 10:00etatik 13:30era, Blogosferia: ‘online’ dauden gazteguneen jarduera irekiak: Wii, DJ ordenagailuz, Interneterako sarbidea eta Youtube, Villamonte kultur etxean.
- 11:00etan, gosari digitala.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun