Gabi Basañezen aurkako epaiketa burutu egin dute erdaraz eta bera gabe

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 4a, 18:46

Hamairu urteren ostean, behingoz epaiketa egin diote Gabi Basañezi, 1994ko Sopelako San Pedro jaietan egin zen zezenketen aurkako eserialdiagatik. Alabaina, epaiketa erdaraz egin dute, Basañez euskaltzaleak Bilboko justizia epaitegitik alde egin ostean. Izan ere, goizeko 9:45ean, epaile andereak erdaraz epaiketa hasteko agindu bezain laster, altxatu da Basañez akusatuen aulkitik eta "nire defentsa eskubidea eta hizkuntz eskubideak errespetatzen ez direnez ez dut epaiketa hau onartzen eta alde egin nahi dut" adierazi du ozen eta itzultzaileak bere asmoen berri eman behar izan dio ezer ulertu ez duen magistratuari. Epaileak isiltzeko agindu dio, fiskalak beraren aurkako zigor-eskaera egin arte. "Gero egin nahi duzuna" gaineratu dio epaileak. Basañezek, berriz, itzultzailearen bidez bere eskubideak ez direla errespetatzen berresten, "Euskal Herrian Euskaraz" kanta abesteari ekin dio era lasai baina ozenean. Bitartean, arin-arin fiskalak irakurri du Basañezi leporatzen dizkioten istiluak, erresistentzia eta autoritatearen aurkako atentatuengatik egindako zigor-eskaera, lehengo sei urteak urte batera nabarmen jaitsiz. Fiskalak bukatu bezain laster, epaileak birritan adierazi dio Basañezi alde egin zezakeela, eta honek horrela egin du, "Euskal Herrian Euskaraz" kanta behin amaiturik. Kanpoan, hogei bat lagunek kontzentrazioa egin dute "Euskaldunontzat ez dago justiziarik!" lelopean. Bestalde, ertzainek pertsona bat identifikatu dute, epailearen aginduz, epaiketa bideoz grabatzeagatik.

Gabi Basañezek argi izan du bere aurkako prozesua hasieratik ez dela bidezkoa izan: "1994ko zezenketen aurkako protestan gizon, emakume, haur, agure eta atsoei kristoren jipoiak eman zizkieten ertzainek eta hainbatek salaketa jarri genuen haien aurka. Orduan ertzainek gure aurkako beste salaketa bat jarri zuten eta geurea artxibatu eta haiena aurrera jarraitu zuen". 2001ean, Basañez izan ezik, akusatu guztiek sei hilabeteko zigorra onartuz akordio batera heldu ziren fiskalarekin. Azken horrek sei urteko eskaera egin zuen orduan Basañezen aurka", gaur urte batera jaitsi duena. Eskaera aldaketa horrek bermatu du behingoz epaiketa burutu ahal izatea, zigor-denbora horretako epaiketetan akusatuaren presentzia ez baita beharrezkoa.

Bestalde, Basañezek azpimarratu du gaur hizkuntz eskubideez gain defentsa eskubidea ere ukatu egin diotela: "Auzitegi Konstituzionalaren epaia dela eta, Alfontso Zenon nire abokatuari debekatu egin diote ni defendatzea, birritan epaiketak moztu dituelakoan, nik aginduta, defentsa eskubidea ez zelako betetzen". Hori dela eta ofiziozko abokatu euskalduna ezarri diote Basañezi, bere konfiantzazkoa ez dena.

Gaur goizean dozena bat ertzain eta Sopelako auzokidek bere lekukotasuna eman du. Gainera Gabi Basañezen ohiko abokatuaren aburuz, nekez leporatu ahal dakioke akusatuari atentatua egin izana, "ez zuelako egin eta beste sei sopeloztarren aurkako epaian frogatuta gelditu zen ezinezkoa zela jakitea atentatuaren egilea zein zen".

Kronologia: 13 urteko ibilbidea izan duen auzia

Kasua: 4/01 prozedura laburtua

- Epaitegia: Bilboko Zigor Arloko 1. zenbakiko Epaitegia
- Akusatuak: Gabi Basañez Ruiz eta beste zazpi

1.- Eginkizunak: 1994/07/02, “Coordinadora Antitaurina de Sopela”. Zezen plazan eserita zezenketa ekiditea. Ertzaintzak irtenarazteko ekin zuen eta jipoituak sortu. Ertzain batzuk kaltetuak ere bai. Eskaera Fiskala: istilu publikoak (2 urte), atentatua (2 urte), lesioak (2urte), kalteak (isuna 16 hilabete, 2.000 pezeta bakoitzeko).

2.- Epaiketa: 2001/06/15. Epailea Angel Gil Hernandez (euskalduna). Fiskalak aldatzen du eskaera eta adostasunez ematen da epaia zazpi lagunentzat: 6 hilabete istiluengatik. Gabik euskaraz egin nahi zuela epaiketa eta ez da konformatzen.

3.- Epaiketa: 2002/02/22. Defentsa: epaiketa euskara hutsez egin nahi duela bere defendituak eta itzultzailerik ez duela onartuko, oinarrizko eskubideak urratzen direlakoz, horrela eginez gero Gabi gelatik joango dela. Epaileak (Angel Gil Hernandez) bertan behera uzten du epaiketa.Gabiri planteatzen dio zitatuko duela Fiskal euskaldun bat, epailea bera euskalduna da, eta bideoa erabiliko dutela akta gisa, idazkaria ekidinez horrela, idazkaririk euskaldunik ez dagoelako. Gabiri galdetzen dio ia horrela onartuko lukeen. Gabik baietz dio.

4.- 2002/02/27ko Autoa: Epaile berak (Angel Gil Hernandez) erabakitzen du itzultzailearekin egitea, eskubiderik ez delako urratzen. Tartean espedientea ireki zioten epaile honi, fiskal euskalduna eskatzeagatik.

5.- Epaiketa 2002/06/04: Gabi ez da agertzen, zitazioa erdara hutsean egin diotelako aldez aurretik idatziz notifikatu zion Epaitegiari. Bertan behera geratzen da. Bilaketa eta atxiloketa agintzen da, Gabi astebeteko gose greba egin eta publikoki jakitera ematen du. Gero helegitea medio errebokatzen da atxilotze agindua

6.- Epaiketa 2002/09/24: Epailea aldatzen da. Orain: Mª Luisa Arenaza Garai (ez da euskalduna). Defentsa: Berriro planteatzen du bere defendituak euskara hutsez egin nahi duela epaiketa eta itzultzailerik ez duela onartzen. Epaileak: auzia erabakita dagoela eta itzultzailearekin egingo dela. Defentsak: horrela egiten bada gelatik aterako dela bere defendituaren nahia, zuzenbidean zilegia dena, bete behar duela, deontologia profesionala dela medio. Epaileak: desobedientzia leporatzen dio, Bazkunari espediente irekitzea eskatu, eta Diziplina-Zuzenketa, “LOPJ”arena. Ofiziozko abokatua izendatzeko eskatzen du epaileak.

(Zenon Jauna, Gabi Basañezen abokatua, inputatu gisa deklaratu behar du, falta bezala epaitzen da eta artxibatzen da azkenean, beste espedienteak ez dira erresolbitzen)

7.- 2003/01/20 Probidentzia: Ofiziozko abokatua izendatzen zaio Gabi Basañezi, euskalduna.

8.- 2003/04/10 Probidentzia: Ofiziozko abokatuak tartekatutako errenuntzia ez da onartzen, defentsan jarraitu behar duela esaten zaio.

9.- 2003/06/7 Autoa: Epaile berria Manuel Aleis Lopez (ez euskalduna). Zenon jaun abokatua uko egintzat jotzea eta auzian Gabi Basañez defentsatik aldentzea erabakitzen da formalki.

10.- 2004/01/9 Autoa: Zenon jaunak, auzitik kanporatzearen aurka jarritako Erreforma Helegitea desestimatzen da. Apelazio Helegitea tartekatzen da

11.- 2004/10/1 Bizkaiko Probintzi Auzitegiko Autoa: Inkonstituzionaltasun Auzia aurkezten du TCan. Bizkaiko Entzutegiak holakoak esaten ditu: “Hogeitabost urte bete dira, dagoeneko, Konstituzioak Espainako Estatuaren izaera eleaniztuna aldarrikatu zuenetik, eta Justizia Administrazioan, hala ere, ez da izaera edo errealitate horretaranzko bidea urratu. Agerikoa da hizkuntz eskubideak eduki hutsa dutela horiek prozesuaren eremuan egikaritzen saiatzen direnentzat...”.

“Horregatik guztiagatik, Salak uste du BJLOko 231. artikulua bere horretan uzteak hizkuntz eskubideen urraketa dakarkiela, Justizia-Administrazioan gaztelaniaz beste hizkuntzetarako edozeinetan eskubide hori egikaritu asmo dutenei, haien herrikideek izango lituzketen berdintasun-baldintza beretan, behintzat, eta prozesuaren eskubideak (hurrentasuna) aplikatuz egikarituko badira, behintzat.”

“Salak uste du araubidea egokitu behar dela direlako eskubideak materializatzeari begira. Oraingoa egoerari eta araubideari eusteak Konstituzioaren 3. artikuluan bertan aintzatetsitako eskubidearen edukia hustea dakar, bete-betean hutsi ere; egitez, Espainiako hiritar batek bere eskubideak hainbatik hainbatean materializatu ahal izan ditzan, eskura duen ahalbide bakarra gaztelaniaz aritzea da. Konstituzioaren 3. artikulu 2. idatz-zatian aitorturiko eskubidea materializaezina da, seinalatu den guztiak aintzat hartuz, eta zerrendatutako gainerako eskubide eta printzipioekin bat.”

12.- 2005/04/19 Auzitegi Konstituzionalaren autoa: Aurkeztutako inkonstituzionaltasun Auzia tramitera ez onartzea erabakitzen du. Itzultzailearen erabilera ez dauka eskubide urraketarik.

13.- 2005/06/8 Bizkaiko Entzutegiko Autoa. “Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena aplikatuz, Gabi Basañez Ruiz akusatua den epaiketan, itzultzailearen bidez ulertuko diotela epaile, idazkari eta euskara ulertzen ez duten orok” esaten du. Gainera esaten du “Garbi dago Entzutegi Probintzialeko Areto honek, Auzitegi Konstituzionalak argudioekin bat etorri izan balitz, ez zukeela planteatuko inkonstituzionaltasun auzia, baina legediaren arabera, Auzitegi hark egindako irakurketa eta emaniko ebazpena aplikatu besterik ez zaigula gelditzen ere jakina da auzi honetan”.

14. 2006/03/2 Auto Zigor Arloko Epaitegikoa: Berriro Gabi Basañezek Zenon jauna bere abokatua izendapen formal berria ez onartzea erabakitzen du. Kexa errekurtsoa aurkezteko aukera ematen du.

15.- 2006/03/24an Kexa errekurtsoa tartekatzen da. Bizkaiko Entzutegiak emandako ebazpenan Zenon jaunaren aldentzeari buruz ez duelako ezer erabakitzen.

16.- 2007/02/06 Bizkaiko Entzutegiko Autoa: Kexa tramitera ez onartzea erabakitzen du, gaur egun Apelazio Helegiteak tramitera onartzen ez direnean bakarrik egin daitekeelako kexa.

17.- 2007/03/28. Auto: Epaiketa 22.05.07, 9:45etan.

18.- 2007/05/07. Epaiketa: Bertan behera geratzen da. Gabi ez da azaltzen, bera gabe epaiketa egin daitekeela esaten diolako Epaitegiak eta ofiziozko abokatua ez duelako onartzen; eta ofiziozko abokatua ere ez, asken hau ez diotelako ondo notifikatu.

19. 2007/07/17. Autoa: Epaiketa 2007.10.04, 9:45etan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun