Ehunaka pertsonek parte hartu dute Batasuna eta atxilotuen aldeko protestetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 6a, 01:20

Atzo atxilotutako 23 Batasuneko kideen askatasuna, errepresioaren amaiera eta Euskal Herriarentzako demokrazia eskatu dute eskualdeko kaleetan ehunaka auzokidek. Izan ere, Algortako manifestazioa (argazkian) Telletxe plazan hasi baino lehen bertako ezker abertzaleko kideek nabarmendu dutenaren arabera, Batasuneko militanteak "Euskal Herriarentzako marko demokratiko baten alde lan egiteagatik" hartu dituzte preso, eta egoera horretan "herria haserre dago". Haserrealdiak, baina, nagusi izan dira Areetan, PSOEren egoitzaren aurrean 60 bat herritarrek eta ertzainek izandako bultzakadetan. Istiluak, baina, artez hasi eta bukatu dituzte ertzainek: manifestazioari pankarta kenduz, bi lagun identifikatuz eta haietariko bat atxilotzearekin mehatxatuz, beti ere pilota-jaurtigailuak eskuan izan dituztela. Besteak beste, manifestazio jendetsuena Algortakoa izan da 190 lagunekin, Leioan, berriz, 130 auzokide izan direla.

Arratsaldeko 8etan Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan zen hasteko manifestazioa, baina ordu horretarako ertzainek hartuta zegoen plaza, istiluen aurkako tresneriaz hornituta. Ezker abertzaleko kideek erabaki dute manifestazioaren ibilbidea aldatu eta herri barrutik gauzatzea. Horrela Itzubaltzeta / Romon zehar atxilotuen askatasuna aldarrikatu eta PSOEren erantzukizuna salatu ondoren Areetaraino hurbildu dira, salaketa PSOEren herriko etxeraino eramateko asmoz. Baina, 60 bat herritarrak hurbiltzean ertzainak ere bertaratu dira, eta furgonetatik jaitsi eta manifestazioaren bururaino joan dira, indarrez pankarta kentzera eta protesta desegitera. Jendeak, baina, aurre egin die eta pankarta kendu dietenean ere, eta ertzainen bultzakaden artean, eskuko kartelekin jarraitu dute Pablo Iglesiasek eratu zuen alderdiaren jarrera gaitzesten eta Euskal Herriarentzako konponbide demokratikoa aldarrikatzen.

Egoera horretan, ertzainek bi pertsona identifikatu dituzte eta mehatxua egin dute haietariko bat furgonetan atxilotuta eramatearekin konstituzionalista sozialdemokraten egoitzaren aurrean kontzentratutakoak disolbatu ezean. Azkenean, protestan zeuden auzokideak horrela egin dute.

Algorta eta Leioa

Bestalde, 190 bat lagun izan dira Algortan, "indar errepresiboen" eta PSOEren aurkako bere ezinegona azaltzeko. Hauek batzokiaren parean igarotzean, EAJren aurkako leloak erabili dituzte eta jeltzaleei atxiloketak bakerako bidea diren galdetu diete, azken horiek, presaka, leihoak ixten aritu diren bitartean. Manifestazioa hamar minutuko bide-mozketa eginez eta "Eusko gudariak" abestuz amaitu dute, "Batasuna, aurrera!" oihuen artean. Aurretik, ostegunean enpresa eta lantegietan LABek deitutako protestetan eta bestelako ekimenetan parte hartzera deitu dute. Herri horretan istilurik gabe izan da manifestazioa. Izan ere, Ertzaintza Telletxe plazan izan da protesta baino lehen, baina martxa abiatu baino lehen alde egin dute.

Leioan ere manifestazioak 130 bat auzokide bildu ditu, PSOEren egoitzaren aurretik igaro direnak alderdi hori izandako atxiloketen errudun gisa saltzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun