Presoen Aldeko Taldeek biharko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 11a, 01:00

Euskal unibertsitateetako Presoen Aldeko Taldeek dei publikoa egin dute bihar burutuko diren Batasunaren Mahai nazionalaren aurkako operazioa salatzeko ekimenetan parte hartzeko. Ikasle presoez arduratzen diren talde horiek, tartean Leioa eta Erandioko campusekoa, "Aski da! Hau ez da demokrazia!" lelopean deitu du biharko Mobilizazio Egunaren baitan burutuko diren protestetara gehitzera. PATen arabera, atxiloketek Batasunak sostengatzen duen "proposamen politikoari ezetz esan eta honen aurkako gerra estrategia bat abiarazi" dute. Era berean, taldeak kritikak izan ditu PSOE zein EAJrentzat eta haien arteko diferentzien hausnarketa egiten badu ere, bere iritziz biek "proiektu independentistari gerra deklaratu diote". Argazkian, PATek kaleratutako kartelaren irudi bat.

Presoen Aldeko Taldeen oharra:

Aski da! Hau ez da demokrazia!

Batasunaren Mahai Nazionalaren aurkako eraso honekin, Espainiar Estatuak herri honen eskubideen bermea ekartzen duen proposamen politikoari ezetz esan eta honen aurkako gerra estrategia bat abiarazi du, bitartean gure herriaren eskubideen aitortza ekarriko ez duen irtenbide faltsuak (Ibarretxeren ibilbide orria) ere indartu direlarik.

PSOEren alternatiba argia da: errepresioa eta konstituzioa. Hori da etengabe errepikatzen ari direna. PNVk, ordea, Ibarretxek aurkezturiko proposamenaren bitartez posizio politikoa indartu nahi du, ondoren Estatuarekin negoziatzeko, bere helburu bakarra Baskongadetarako prozesu bat delarik, zeinetan PNVk bere negozioak mantenduko dituen.

Proiektu independentistari gerra deklaratu diote. Ezker Abertzaleari bere proiektu politikoa garatzerik izango ez duela esan diote. Horregatik esan baitiote ezetz marko demokratikoaren proposamenari: independentziari ateak zabaltzen baitizkio.

Borrokarako garaia da. Euskal Herriaren eskubideen alde, egitasmo independentistaren borrokan urratsak emateko garaiak dira. Horregatik, Presoen Aldeko Taldeok (PAT) biharko Mobilizazio Egunaren baitan deitutako ekimenetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Independentziari ateak ireki!

Gora Euskal Herria askatuta!

Presoen Aldeko Taldeak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun