Hiru leku baino ez dira gelditzen bizkaiera ikastaroan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 11a, 01:35

Hilaren 16an abiatuko den bizkaiera ikastaroan dagoeneko hiru leku libre baino ez dira gelditzen, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkarteko kideek gaur arratsaldean aitortu diotenez. "Taldea hamabi pertsonetakoa izango da eta atzo zortzi lagun zeukaten izena emanda. Gaur berriz bederatzigarrena, zalantzak alboratu eta apuntatu da eta beste bik hitza eman ziguten baina oraindik ez digute baieztatu" gaineratu du Rozio Luces kideak. Gauzak horrela, Josu Arroyo Labayruko irakasleak gidatuko duen ikastaroan izena eman nahi duenak presaka ibili beharko du, epemuga ikastaroa hastean edo lekuak amaitzean jarriko baitute. Eskolak Algortako Aldai patronatuan emango dituzte, astearte eta ostegunetan, 20:00etatik 22:00etara, Aste Santuraino. Argazkian, Bizarra lepoan taldeko hainbat kide.

"Hameko berbe ikisi gure dogu" lelopean, "bizkaiera ikastaro aitzindaria" jarriko duela martxan iragarri zuen orain dela aste batzuk talde euskaltzaleak. Mintegiak 100 ordu iraungo du, eta ikasleek urria eta Aste Santuko oporrak bitartean astero bi egun izango dituzte, bata ikasteko eta bestea mintzapraktikan aritzeko. Bizkaian mendebaldeko euskararen erreferentea den Labayru institutuak homologatuko du ikastaroa, eta bertan bizkaiera estandarra, "Bizkaia" gehigarria zenak eta Bizkaia irratiak erabilitakoa, nolabait, zein Uribe Kostakoa landuko dira. Argazkian, Bizarra Lepoaneko hainbat kide.

Era berean, Bizarra Lepoaneko kideek iragarri dute mintzapraktika saioetan "eskualdeko gonbidatuak" ekarriko dituztela, nahiz eta zeintzuk izango diren ez duten zehaztu. Ildo beretik, ikasleek horrela nahi izanez gero ikastaroa bukatzean bizkaierazko Berbalagun taldea sortzeko asmoa dutela ere aurreratu dute. Ikastaroari buruzko argibide gehiago edo zuzenean izena emateko bizarralepoan[abildua]euskalnet.net posta elektronikoaren edo 944 914 357 telefono zenbakiaren bidez egin daiteke. Prezioa 150 eurokoa izango da bazkideentzat eta 200 eurokoa elkarteko kideak ez direnentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun