Ehunaka pertsonek parte hartu dute Batasuna eta atxilotuen aldeko goizeko protestetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 11a, 19:41

LAB sindikatuak deitutako mobilizazio egunaren harira, Uribe Kostako ehunaka ikaslek eta langilek kaleratu dira gaur goizean Batasuneko kideen atxiloketaren aurka eta Euskal Herriari marko demokratiko bat onartzearen alde. Besteak beste, 400 bat behargin eta ikaslek izan dira Leioa eta Erandioko campusean burutu duten "Independentziari ateak ireki! Gora Euskal Herria askatuta!" lelopeko manifestazioan, LABek deitutako kontzentrazioan 80 bat lagun izan ostean; Erandion, LABek eskualdeko kontzentrazioa egin du bertako metroaren aurrean, 75 pertsona batu direla; Itzubaltzeta / Romoko Romo-Artatza institutuan eta Erandioko Lanbide Heziketan, berriz, hamabosna lagunek kontzentrazioak egin dituzte. Horretaz, gain hainbat denda, taberna eta enpresatan lanuzte partzialak izan dira. Iluntzerako mobilizazio gehiago deitu dituzte, besteak beste Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan 19:30ean, Leioako Boulevardean 20:00etan eta Algortako Telletxe plazan 20:00etan. Argazkian, Leioa eta Erandioko campusean egindako manifestazioa / PAT.

Presoen Aldeko Taldeen oharra:

LEIOA

Gaur, urriak 11, deitu den mobilizazio egunaren harira, hainbat ekimen burutu dira Leioako kanpusean. Goizeko lehenengo orduan, bide mozketa egin da ordu bete inguru kanpusaren sarreran, eta gaurko egunaren gaineko informazioa zabaldu da. Goizeko 11tan LAB sindikatuak deituriko kontzentrazioan 80 irakasle, langile eta ikaslek parte hartu dute "Errepresiorik ez! Hitza eta erabakia!" lemapean.

Ondoren, Ezker Abertzaleak deituriko mobilizazioan 400 ikasle eta irakasletik gora, manifestazioan abiatu dira kanpusean zehar, "Independentziari ateak ireki! Gora Euskal Herria askatuta!" lemapean.

Amaieran zabaldu den irakurketa politikoaz gain, gogor salatu da egunotan UPVk kontrataturiko indar polizialen jarrera bortitza eta oldarkorra. Gertaera hauetan, zenbait ikasle identifikatuak, mehatxatuak eta jipoituak izan ziren eta ondoren Ertzaintzak haien aurkako zenbait salaketa jarri zituen. Manifestariek UPV jo dute gertaeren erantzuletzat eta era berean, iluntzean herrietan burutuko diren mobilizazioetara eta bereziki bihar Iruñean burutuko den manifestazio nazionalean parte hartzeko deialdia luzatu dute.


LA CASILLA

Bilboko ingeniari teknikoen eskola goizetik agertu da azken atxiloketen aurkako pankarta eta kartelez beteta. 8:00etan eskuorriak banatu dira eta ondoren lagun talde batek pintadak egin ditu eskolaren barnean. 12:00etan kontzentrazioa egin dute 15 ikaslek eta ondoren 12:30etako Bilboko manifestazioarekin bat egin dute.


SAN MAMES

Bengalek argitu dute goiza Bilboko ingeniarien goi eskolan. Ezker Abertzaleko militanteen azken atxiloketak salatzen zituzten eskuorriak banatu dira goizean zehar. Ondoren, 11:00etan, kontzentrazioa burutu dute 50 ikasle eta irakaslek. Ikasleek salatu dutenez, zenbait pertsona eskolan jarrita zeuden kartelak kentzen aritu dira.


DEUSTUA

Deustuko unibertsitatea pintadez josita esnatu da goizean goiz. Hala ere, ziztu bizian desagerrarazi dituzte pintada guztiak. Eguerdian Deustuko mobilizazioarekin bat egin dute eta errepide mozketa burutu dute.


IBAETA

Ibaetan 300 ikasle inguruk egin dute manifestazioa eta campusetik aterata Donostiarako sarrera nagusia moztu dute. Polizia Autonomikoa azaldu da orduan eta gazteek oihuka jarraitu dute. Poliziak kargatu egin du eta Ibai Esteibarlanda eta Idoia Arraiza gazteak atxilotu ditu, beste hainbati zauriak eragin dizkiete.

Baina ez da hor amaitu mobilizazioa. Gazteak berriz elkartu dira beranduago campusean eta fakultateetara sartu dira "atxilotuak askatu", "Batasuna aurrera" eta "independentzia" oihukatuz. Ertzaintzaren presentzia nabaria da oso kanpusean zehar.


GASTEIZ

500-600 ikasle inguruk manifestazioa egin dute eta Ertzaintzak kargatu egin du. Ikasleek adierazi dutenez, uneotan filologiako fakultatea hartuta du goitik behera Ertzaintzak. Tentsio une larriak ari dira bizitzen bertan.


NUP

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, besteak beste, kontzentrazioa eta manifestazioa burutu dira. LABek eta ELAk eguerdiko 11:00etan deituriko kale elkarretaratzean "Errepresiorik ez! Hitza eta erabakia!" aldarrikatuz 40 pertsona bildu dira. 13:00etan, "Independentziari ateak ireki, gora Euskal Herria askatuta!" lemapean Segik luzatutako deialdiari 200 bat gaztek erantzun dio, pasa den atxiloketak eta espetxeratzeak salatuz eta PNV, PSOE eta NaBaik aurrera daramaten Euskal Herriaren kontrako gerra estrategiari aurre egiteko Marko Demokratikoa aldarrikatuz.

Manifestazioan bildutakoek beraien haserrea adierazi dute, eta Unibertsitate barruan ez dira istiluak, petardo hotsak, oihuak eta aldarrikapenak falta izan. Haserre horren adierazle, amaieran burututako giza bide mozketa, non bertan bildutakoek trafiko eragozpen handiak eragin dituzte.

Aipatzekoa da egunean zehar Polizia izandako presentzia; ikasleen identifikazio, kotxe miaketak, eta abar jorratuz. Horrez gain, mobilizazioaren bukaeran, gazte bat zauritua izan da eta anbulantziak ospitalera eraman behar izan du.


ASKI DA! HAU EZ DA DEMOKRAZIA!
Batasunaren Mahai Nazionalaren aurkako eraso honekin, Espainiar Estatuak herri honen eskubideen bermea ekartzen duen proposamen politikoari ezetz esan eta honen aurkako gerra estrategia bat abiarazi du, bitartean gure herriaren eskubideen aitortza ekarriko ez duen irtenbide faltsuak (Ibarretxeren ibilbide orria) ere indartu direlarik.

PSOEren alternatiba argia da: errepresioa eta konstituzioa. Hori da etengabe errepikatzen ari direna. PNVk, ordea, Ibarretxek aurkezturiko proposamenaren bitartez posizio politikoa indartu nahi du, ondoren Estatuarekin negoziatzeko, bere helburu bakarra Baskongadetarako prozesu bat delarik, zeinetan PNVk bere negozioak mantenduko dituen.

Proiektu independentistari gerra deklaratu diote. Ezker Abertzaleari bere proiektu politikoa garatzerik izango ez duela esan diote. Horregatik esan baitiote ezetz marko demokratikoaren proposamenari: independentziari ateak zabaltzen baitizkio.

Borrokarako garaia da. Euskal Herriaren eskubideen alde, egitasmo independentistaren borrokan urratsak emateko garaiak dira.

INDEPENDENTZIARI ATEAK IREKI!!
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun