Bihar abiatuko dira Getxoko Antzerki Jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 11a, 20:04

Bihar osteguna, urriak 12, Getxoko Antzerki Jardunaldien XXV. edizioa hasiko da. Hilaren 21era arte, Algortan eta Areetan jenero guztien eta publiko guztietarako 12 antzezlan eskainiko dira, 16 antzezkizunetan, haietako 8 euskaraz. Kanpingags taldearen “Cueva de ladrones” azken lanak emango dio hasiera jardunaldiei bihar Algortako Getxo Antzokian, 20:00etan. “Cueva de ladrones” komedia beltza, samurra, garratza eta atsegina da, aldi berean. Publikoak Kontxi Odriozola, itziar Ituño, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza bezalako aktore euskaldun ezagunak ikusiko baditu ere, lana erdarazkoa da. Obsesioak jotako lau pertsonaiaren bizitzak gurutzatzen dira lan horretan. Protagonistek guztietako terapiak probatu dituzte: jateari uzteko, erretzeari uzteko, lapurtzeari uzteko… Eta arazo horiek burutik kendu ezinik dabiltza guztiak. Halako batean, lapurreta erraza egiteko aukera agertzen zaie, eta terapia guztiak ahaztuta, anbizioak itsuturik, prest daude laurak lapurreta elkarrekin egiteko, horrek behin betiko erretiratuko dituelakoan. Dirua beren terapia bilakatuko da.

Lapurretako dirua, ordea, Mafiarena da. Mafiak bizkor harrapatzen ditu gure pertsonaiak eta lauretako baten heriotza eskatzen du. Horrek gogoeta egitera daramatza: zer galduko luke munduak bakoitzaren heriotzarekin? Hala une batez seriotasun-printzez betetzen da lapur-zuloa; baina luze gabe umorezko haize-boladak amaiera samur eta dibertigarria ematen dio abenturari.

Asteburuko saioak

Asteburuan, eskaintza zabala egongo da jardunaldietan. Larunbatean, urriak 13, “Birusak erasoan” / “Los virus atacan” eskainiko du Toni La Salek. Antzerkia eta txotxongiloak uztartzen dituen lan horrek Areetako Andres Isasi Musika Eskolan antzeztuko da 12:30ean (gaztelaniaz) eta 18:00etan (euskaraz). 13:00ean Gorakada taldearen azken lana hasiko da Algortako Telletxe plazan: “Gondola misteriotsua”, hain zuzen ere. Azkenik, eguna amaitzeko, Tanttakak “Mujeres en sus camas” antzeztuko du Getxo Antzokian, 20:00etatik aurrera. “Mujeres en sus camas” sexuaz mintzatzeko ikuskizuna da; emakumeen sexu bizitzaz hitz egiteko aitzakia. Emakumeek ohean dituzten irrika, fantasia, frustrazio, sekretu eta desirak ditu mintzagai. Agertoki gainean bost emakumezko, bost adin eta bost gizarte maila ordezkatzen dituzte.

Biharamunean, igandean, gaztetxoek “Katiuska hegalaria” / “Katiuska la aviadora” antzeztuko du Deabru Beltzak taldeak Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, bi saiotan: 12:30ean, gaztelaniaz eta 18:00etan, euskaraz. Bestalde, 13:00ean kale-antzerkia protagonista bilakatuko da Xabi Larrearen azken lanari esker: “Filamento el farolero” italieraren antza duen gaztelera umoretsuan. Antzezkizuna Algortako Telletxe plazan izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun