Bizkaiko gotzainak gaur hedabideetara zabaldutako oharra:
XX mendeko martirien beatifikazinoa dala-ta, gotzain idazkia
Urriaren 28an, 498 martiri beato eginak izango dira Erroman. Euren fedearen testigu izan ziran, bai bizi zirala, eta baita bizia kendu eutsenean be, gure herria hondatu eban anaiarteko burruka haren barruan. Eurotariko asko hiltzaileentzat parkeske hil ziran.
Martirion artean 19, gizonezko eta andrazko, geure elizbarrutian jaioak dira; hainbat kongreazinotako fraide-monja izan ziran, eta 1936-37. urteetan hil zituezan:
Antonio Maria Arriaga Anduiza, agustinoa, Bustirikoa, Madrilen hila, 32 urtekoa zala.
Santiago Arriaga Arrien, trinitarioa, Errigoitikoa, Cuencan hila, 32 urtekoa zala.
Manuela Arriola Uranga, adoratriza, Ondarroakoa, Madrilen hila, 44 urtekoa zala.
Pedro Artolozaga Mellique, salesianoa, Erandiokoa, Madriletik Andaluziarako bidean hila, 23 urtekoa zala.
Bizenta Atxurra Goxenola, karmeldar misiolaria, Berritxukoa, La Arrabassada (Bartzelonan) hila, 46 urtekoa zala.
Jose Maria Azurmendi Larrinaga, frantziskotarra, Durangokoa, Azuega (Badajozen) hila, 66 urtekoa zala.
Felix eta Luis Etxebarria Gorostiaga anaiak, frantziskotarrak, Zeanurikoak, Azuega (Badajozen) hilak, 43 eta 41 urte zituezala.
Luis Erdoiza Zamalloa, trinitarioa, Zornotzakoa, Cuencan hila, 45 urtekoa zala.
Prudentzio Gerkiz Gezuraga, trinitarioa, Errigoitikoa, Andujar-en hila, 53 urtekoa zala.
María Dolores Hernández Santorcuato, adoratriza, Bilbokoa, Madrilen hila, 25 urtekoa zala.
Maria Prima Ipìña Malzarraga, adoratriza, Orozkon jaioa, Madrilen hila, 48 urtekoa zala.
Migel Iturraran Lauzirika, agustinoa, Markinakoa, Paracuellos del Jarama (Madrilen) hila, 18 urtekoa zala.
Kristobal Iturriaga-Etxebarria Irazola, dominikoa, Abadiñon jaioa, Langreo (Asturiasen) hila, 21 urtekoa zala.
Juan Mendibelzua Ozerin, dominikoa, Bilbon jaioa, Paracuellos del Jaraman hila, 57 urtekoa zala.
Gabino Olaso Zabala, agustinoa, Abadiñokoa, Fuente la Higuera (Valentzian) hila, 67 urtekoa zala.
Jose Bizente Ormaetxea Apoita, trinitarioa, Nabarrizkoa, Villanueva del Arzobispon hila, 56 urtekoa zala.
Juan Otazua Madariaga, trinitarioa, Errigoitikoa, Mancha Real (Jaénen) hila, 42 urtekoa zala.
Migel Zarragua Iturrizaga, frantsizkotarra, Iurretakoa, Azuaga (Badajozen) hila, 66 urtekoa zala.
Fedearen testiguok argi erakusten dabe ze ugariak ziran gure artean fraide ta monjatzarako bokazinoak: holan beste leku batzuetako komunitateei be lagundu ahal izan jaken.
Beato barrion artetik bakar batek -Antonio Cid-ek- jasan eban martiritza Bilbon: salesianoa zan, Galizian jaioa eta hona etorribarria, Santanderreko erasoaldiari igeska.
Nor da martiri kristinaua? Eleizeak beato egingo dauz, hau da, apostoluen aginpideaz autortuko dau martiri dirala Jesukristo maite ebelako heriotzea jasan ebenak kristau fedearen erasotzaileakandik. Jaunaren testigu bikainak dira, heriotzeaz betiko seilua emon eutsoen euren bizitzari, Kristorenagaz bat eginda. Jesusek lez, eurok be indarrez kontra egin barik itzi eben euren bizia, indarrez kentzen eutseenen eskuetan, baekielako noren eskuetan izten eben: euren izatearen iturri eta helburu dan Jaungoikoaren eskuetan. Horregaitik, Eleizearen hasieratik, martiriak Jaungoikoarentzat goresgarri izan dira, eta baita fededunen eta sinisten ez dabenen harrigarri be. Gaur be, 498 martiriok, batez be gure elizbarrutian jaiotakuok, pozgarri dira guretzat, eta eskerrak emotera eroaten gaitue.
Jesusen beste ikasle batzuk be, antzerako heriotzea izan ebenak, bihar-etzi beato eginak izan leitekez. 498 beato barrion prozesua aspaldian hasi zan eta, kasu bakotxa zehatz aztertu ondoren, hil honen 28ko ospakizun handian amaituko da.
Gauza bat dira martiriak eta beste gauza bat “alkarren kontrako borrokan hildako soldadoak eta errepresino politikoaren biktimak; errepresino hori errukibakoa izan zan erretaguardian” (V. Cárcel Ortiz). Hildako guztiei zor deutsegu geure begirunea.
Eurak ez bilatu ez sortutako bide-kurutze baten aurkitu ziran martiriak: kristau fedeari uko egin, eta holan euren bizia gorde, ala Jesukristoren maitasunari eutsi, eta holan bizia galdu. Martiriak, harrigarrizko jokabide ederrez, euren bizia Jaungoikoari eskeintzea aukeratu eben. Ebanjelioak dinoan lez, oraingo bizia galdu eta betikoa irabazi eben (ik. Mk 8, 35). Martiriak Jaungoikoaren indarra erakusten deuskue giza makaltasunean. Argi ta garbi erakusten deuskue ze garrantzia handikoa dan Jaungoikoagan sinistea eta Bera maitatzea (ik. Jn 15, 13). Ez ebezan ukatu euren usterik sakonenak, ezta bizirik jarraitzeko be; hain errime jokatze hori etzan zitalkeria, Jaungoikoari zor jakon zintzotasuna baino. Euron heriotzeak agirian jarri eban bihotz barruan sakon gordeta euken fedea.
Hain hurreko doguzan martiriok gure gogo-bihotzetan ate joka doguz indartsu, geure bizitzan Jaungoikoa gauza guztien gainetik jarri daigun, bildur barrik jokatuz fededun lez, gure ingurua batzuetan gogorra izan arren. Gogoan izanik gure arteko anai-arrebak zelan jarraitu izan deutsoen Jesukristori azkeneraino, hau da, euren odola emoteraino, guk zer egin behar dogu? Batzuetan erdi lotan bizi bagara, lozorrotik itzartu, eta baita gu geu makaldu ta Ebanjelioaren testigantza iluntzen daben jokabide eroso ta nasaiak astindu be. Gure sustraiak busti dabezan martirien odolak emonkorra izan behar dau gure Eleizetan. Parkatzen hildako martiriok baketze-bideak bilatzera dei egiten deuskue, maitasunaren ta parkamenaren bidez. Bihotzaren osasuna ez dator bengantza-guraritik, errukiaren graziatik baino. Jesusek kurutzean isuritako odolak parkamena eskatu eban bera kondenau ebenentzat, eta holan bengantzea eskatzen eban Abelen odola baino hobeto berba egin eban (ik. Hb 12, 24). Martiriok ez dira beato egiten inoren aurka, ezta zauriak barriro zabaltzeko be. Ez da, ez, ezelan be, gorrotorik biztu gura. Hara zer nahi dan: Jaungoikoaren grazia goratu, gizonen makaltasunetik horrenbesteko indarra atara ebalako; fedean geure anai-arreba diranen gomuta ebanjelikoa gorde, eta ontzat hartu euron bizitzak eta heriotzak eskatzen deuskuezan maitasuna, begirunea ta bakea.
Gainean doguzan beatifikazino honeek dirala-ta, hara zelan jokatuko dogun gure elizbarrutian:
. Goian aitaturiko erlijiosoen kongregazinoen eskuetan dagon Erromako ospakizunean zelan parte hartu. Erlijiosoen Elizbarrutiko Kontseiluaren eskuetan dago kongregazino horreekaz hartuemonetan zelan jarri laguntzea.
Aitaturiko 19 martirion jaioterrietako parrokiei liturgi lagungarriak bialduko jakez domeka horretarako (urriaren 28), eta baita martiriaren biografia labur bat be.
Datorren azaroaren 3an, zapatua, arratsaldeko 7,30tan, eskerrak emoteko Eukaristia bat ospatuko da Santiago katedralean.
Otoitz egin deiogun Jaungoikoari, eskerreak emonez euren biziaz fedearen testigu izan diranakaitik. Eskatu deiogun osatu daizala zauriak: bai geureak eta bai besteenak. Osatuak gareala jakitea osagile egin gaizala; baita bakegile be.
Bilbon, 2007. urriaren 1.
Ricardo Blazquez, Bilboko gotzaina