Ertzaintzak eta hainbat udalen Udaltzaingoek abiadura kontrolak areagotu dituzte gaur, urriaren 28ra arte iraunduko den istripuak ekiditeko prebentzio kanpaina berrian. Izan ere,
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan 1.500 bat istripu izaten dira abiadura dela-eta, istripu guztien %13. Kanpainan zehar, abiadura mugak gainditzeak dakartzan arriskuen inguruko mezuen igorpena indartuko dute, gehiegizko abiadura eta errepideetako ezbeharrak gutxitzea xede hartuta. Radar kanpaina indarrean den bitartean, polizia lan honetara bideratutako agenteen eta kontrolen kopurua handitu egingo da, eta radarren aurkako sistema ilegalak aurkitu eta neutralizatzeko kanpainarekin jarraituko du Ertzaintzak. Aurreko kanpaina ekainaren 18tik uztailaren 1era egin zuten, eta Ertzaintzak Getxoko, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Irungo Udaltzaingoek 176.949 ibilgailuren abiadura kontrolatu zuten eta 5.812 salaketa jarri zituzten abiadura mugak gainditzeagatik. Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak 79.000 salaketa izapidetu zituen arrazoi horrengatik. Argazkian, Artatza inguruko errepidea.