Nafarroa Oinezerako autobusa antolatu dute Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 15a, 16:53

Altzaga ikastolak eta Berbots Erandion Euskaraz! taldeak igande honetan, urriak 21, Vianan ospatuko den Nafarroa Oinez ikastolen jaialdira joateko autobusa antolatu dute. Izena emateko epea asteazkenera arte jarri dute Altzagako Karraka tabernan zein Astrabuduako Primera Linea ostatuan. Prezioa 10 eurokoa da, baina lau urte baino gutxiagoko umeek ez dute ordaindu behar. Bestalde, igandean autobusa Astrabuduatik aterako da, taxi geltokitik, goizeko 8:15ean. Ordu laurden bat beranduago, Altzagako bidaiariak batuko ditu gasolinoaren ondoan. Vianako Erentzun ikastolak zazpi guneko egitaraua (pdf) prestatu du "Giltza daukagu" abestia (mp3) eta leloaren pean, makina bat ikuskizun eta jardueraz blai: Des-kontrol, Banda Batzoki, Idi Bihotz, Trikizio, Lisabo edota Oskorri taldeen kontzertuak, Mexiko eta Aragoiko musika, DJak, jotak, euskal dantzak, pailazoak, ipuin kontalariak, zanpantzarrak, kale animazioa, bertsolariak, txalaparta topaketa, herri kirolak, rokodromoa, haur jolasak eta abar luze bat. Bestalde, ikastolak laguntza eskatu du igandean hainbat lan txanda osatzeko. Interesatuek oinez07@gmail.com posta elektronikora idatz edo 688 609 913 telefono zenbakira dei dezakete.

Ikastolak dituen behar nagusienak 0-3 ziklorako eraikin berria egitea, Lehen Hezkuntzako gelak zabaltzea, laborategiak, jangelak eta sukaldea birkokatzea eta patioa estaltzea dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun