Uribe Kostako martxaren antolakuntzak bidalitako oharra:
Gazte, kapitalismoa apurtuz garaipena gure esku!
Urtero bezala, Uribe kostako gazteok martxa egingo dugu urriaren 20an.
Martxaren zentzua ulertzeko nahitaezkoa da egun bizi dugun testuinguru politikoari erreparatzea. Herri gisa eta pertsona bezala ditugun eskubideak ukatuak zaizkigu egunero eta ezarrita dagoen sistema kapitalistari men egingo dion gazteria eduki nahi dute. Eskubide urraketa horiek bizi eredu zapaltzaile honen biziraupenerako funtsezko pieza dira; kapitalismoa oinarritzen den zapalketa sistematikoa, alegia.
Gazteok zapalkuntza hori modu gordinenean jasaten dugun kolektiboa gara. Gure ingurura begiratu baino ez dugu egin behar bizi eredu honek ezartzen digun inposaketa, askatasun eza, eraso eta iruzurra ikusteko. Agintari ustelek eta botere ekonomikoek patrikak betetzen dituzte gazteon kontura. Lan munduan jasaten dugun prekarietatea da horren erakusle argiena, etekin ekonomiko handiena lortu nahi dute gastu txikienaren truke; etxebizitzaren egoera ez dago prekarietatearen arazotik kanpo, izan ere, bizi dugun egoera prekario hori probesten dute ordaindu ezin dugun hipotekan sartzeko, eta finean, eskubidea behar duena pribilegio eta negozio bihurtuz.
Kapitalismoak iraun dezan pertsona akritiko, indibidualista, konpetitibo, alienatu, berekoiak... behar ditu. Horretarako egungo hezkuntza sistemak transmititzen dizkigun balore atzerakoiak erabiltzen ditu: hezkuntza sexista, homogeneoa, erdalduna, gure herria ukatzen duena... Ikasleoi dagokigu horri buelta ematea!
Era berean, herritarren interesen gainetik interes ekonomikoetan oinarritutako proiektu txikitzaileen inposaketa eguneroko ogia da: AHT, superportuak, saihesbideak, lurralde antolaketak...
Beraz, aipatutako eskubide urraketak horiek ez ditugu eraso isolatu bezala ulertu behar, sistema kapitalistaren interesei erantzuten dioten eraso bakar bezala baizik. Espresio desberdinak izan arren, funtsean helburu berdinei erantzuten diotenak.
Guztion esku dago kapitalismoari pitzadurak sortzea eta pertsona askez osatutako herri askea eraikitzea!
Egitaraua:
- Erandio: Sarrera 10:00etan (metroko plazan)
- Leioa: Proiektu txikitzaileen inguruko hitzaldia + bideo emanaldia
- Erromo: Etxebizitzari buruzko bideo emanaldia + mahai-ingurua
- Algorta: Bazkaria (bakoitzak berea) + jolasak
- Berango: Akritikotasunari buruzko hitzaldia 20:00etan
- Berangoko frontoia: ekitaldia + afaria + kontzertuak