Mikel Iturbe: "bost puntu Blogstivalaren gainean"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 16a, 16:31

Arestian izan da Getxon Blogstival delako hori, "on-line gauden gazteontzako lehen off-line bilkura", blog + festival hitzetatik sorturiko izena. Aitortu behar dut, ez nuen inolako gogorik joateko, mesfidatia bainaiz udaletxeak sorturiko horrelako ekitaldiez. Baina hala ere, gauza batzuk ditut komentatzeko: 1- Udalerrian, eskualdean, blogari euskaldunak (euskaraz idazten dugun blogariak) existitzen gara. 2- Blogari euskaldunak ez dira kontuan hartu jaialdi horretarako, webgunearen itzulpenak (euskarazko bertsioak botoien izenak aldatzen ditu bakarrik ia), ikastaro edota mahai-inguruen hizkuntzak... erakutsi duten moduan. 3- Ez da gazteontzako jaialdia izan. Nahiz eta gazteak izan omen diren ardatz, argi geratu da hasierako mahai-inguruan gazteei emango zitzaien garrantzia eta ahotsa (bost partaidetatik bakarra izan da gaztea). Ardatz horren aterkipean, paternalismo kiratsa izan duen zirko bat muntatu da, blogari "aditu", hezitzaile eta bestelako pertsonaien bidez gazteon iritzia isilaraziz. Argazkia: Itsasertzeko zubia.

4- Ez da blogintza sustatu. Lau egobloggerrek egindako mahainguru batean non beraien gazteei buruzko teoriak plazaratzen diren (eurak gazteak izan gabe) eta euren egoa puztuko duten kazetariz inguraturik egonda, ez dut uste blogintza herrira hurbiltzeko metodo onena denik. Are gutxiago euskal blogintzara, goian aipatu den bezala ekitaldi gehientsuenak erdara hutsean eginda.

5- Blogariak produktu baten kontsumitzaile soil izan gara. Ni, getxoztarra, gaztea, euskalduna eta blogaria izanda, ez dit inork esan honelako zerbait prestatzen zegoenik egitarau lokalizatuago bat egite aldera. Ez gaude blogari asko perfil honekin eskualdean, eta batek ere ez dit esan honelako blogari bat kontuan hartu dutenik egitaraua prestatzeko. Hots, Getxoko udalak (agian "aditu" taldearekin) aldebakarreko egitaraua egin du, gu -blogariok- ekitaldi horietara joatera mugatzen, era aktiboan prestakuntzan parte hartzen ukatuz.

Eskualdeko blogari gazte eta euskaldunak, bildu gaitezen (Blogstival justuago baten alde bada ere)!

Mikel Iturbek "Itsasertzeko zubia" bere bitakoran pasa den hilaren 10ean idatzitakoa
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun