Sei gazte atxilotu dituzte Getxon, Algortan eta Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 17a, 18:57

Espainiako Polizia Nazionalaren Bilboko Informazio Brigada Probintzalak sei lagun atxilotu ditu bart Algortan, Getxon eta Berangon, kale erasoak egotzita, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Atxilotuak Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora" dira, Askatasunak zabaldu duenez. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Aretoko epaileak Uribe Kostan 2005etik 2007ra bitartean izandako kale erasoetan parte hartu izana leporatu die, 2005ean hasitako diligentzia batzuetan oinarrituta. Oraindik zabalik dagoen operazioan, Poliziak sei gazteen etxeetan miaketak egin ditu, eta guztietan ordenagailuak eraman ditu. Askatasunak salatu du atxiloketa batzuk "oso bortitzak" izan direla: "Lander Labajoren baserrian GEO taldekoak sartu dira atea leherrarazi ondoren. Mikel de Gregorioren etxean, berriz, aita eta anaia esku-burdinez eduki dituzte etxeko eskaileretan". Poliziaren arabera, Bilbora eraman dituzte seiak, Indautxuko polizia-etxera, baina senideak hara joan direnean, atxilotuak dagoeneko Madrilerako bidean zeuden. Egunean zehar, Koska irratiak atxiloketen inguruko programazio berezia egiten ari da eta iluntzeko 8etarako mobilizazioa dago deituta Algortako Telletxe kalean. Argazkian, Lander Labajo Andra Mari auzo elkarteko bozeramailea LZPren aurka egindako manifestazioan.

Berria.info-k jakinarazi duenez, sei gazte haiek ETArekin harremanik duten ere ikertzen ari direla esan du Poliziak. Antonio Camacho Espainiako Estatuko Segurtasun idazkariak adierazi du sei haietako batzuen izenak Ibon Fernandez Iradi ustezko ETAko kidearen balizko paperetan agertzen zirela. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroa urrutirago joan da, seiak ETAn sartzear zirela susmatzen dutela esan baitu: "kale borroka delakoan ibiltzen direnak ETAn sartzen bukatzen dute".

Beren aldetik, UKDigitalak eta "El Correo Español"-ek ziurtatu dute atxilotuek kale borroka ekintza baten erasoa jazo zuen batzoki baten planoak zituztela.

Askatasunaren salaketa oharra:

Askatasunatik gaurko atxiloketak eta berauetan polizia espainiarra erabiltzen ari bortizkeria salatu nahi ditugu.

Bai gaurko atxiloketak, bai azken egunetan burutu diren atxiloketa eta miaketak, estatu espainiarrak aurrera daraman estrategia errepresiboaren baitan datoz. Independentziaren aldeko borroka polizia operazio basatien, makrosumarioen, espetxe politika hiltzailearen eta antzeko bide errepresiboen bidez zapaltzeko hautua egin dute. Baina herri honetan urte luzez erakutsi da errepresioa antzua dela.

Uholde errepresiboa bizitzen ari gara Euskal Herrian, eraso gehiago etorriko dira luze gabe. Zentzu honetan errepresioaren aurkako borroka indartu behar dugu herriz herri eta auzoz auzoz.

Amaitzeko dei egin nahi dugu operazio honen aurka deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko.

Askatasuna

Etengaberen kronika

Sei gazte atxilotu dituzte Getxon

MOBILIZAZIOAK : egunero (inkomunikatuta dauden bitartean), 20:00, Telletxe, Algorta

Gaur goizaldean Espainiako Poliziak 6 gazte atxilotu ditu Getxon: Lander Labajo, Aner Mimenza, Josu Rodriguez, Joseba Elorriaga, Mikel De Gregorio eta Txomin Gezuraga. Atxiloketak Garzon epailearen aginduz burutu dira eta kale-borroka eta ETArekin lotura izatea leporatzen diete. Atxilotzeko aginduaren arabera 2005.07.21 - 2007.07.28 arteko kale borroka ekintzak burutzea leporatzen diete.

Atxiloketa batzuk oso bortitzak izan dira. Daukagun informazioaren arabera Landeren etxean GEO taldekoak sartu dira atea lehertarazi ondoren. Mikelen etxean, aita eta anaia esposatuta eduki dituzte etxeko eskaileretan.

Poliziek esan dutenez, atxilotuak Indautxuko polizia-etxera eraman dituzte. Baina atxilotu baten gurasoak bertara joan direnean dagoeneko Madrilera eraman dituztela esan diete.

Guztien etxeak goitik behera miatu dituzte, eta kasu guztietan ordenagailuak eraman dituzte.

Koska Irratiak (108.0 FM) jarraipen berezia egingo dio gaur egun osoan gai honi.

Lander Labajo bizi den baserriak etxebizitza bi ditu. Poliziak beste atea lehertarazi eta bertako bizilagunaren gainera bota dira ohean bertan, BESTEAK NON DAUDE! etengabe errepikatuz. Dena miatu dute, 05:00 edo 06:00ra arte, idazkari judizialik gabe.

Mikel de Gregorioren etxean ere oso sarrera bortitza egin dute. Zaratak entzun eta etxekoek zer gertatzen ari zen ikusteko atea zabaldu dutenean poliziak atea botatzekotan zeuden. Gero aita eta anai gaztea esposatuta eduki dituzte etxetik aterata. Idazkari judizialak 45 minutu beranduago iritsi da, bitartean dena miatzen ibili direlarik.

Joseba Elorriagaren etxean idazkaria izan da, baina ezin izan dute jakin zer eraman duten, etxekoak kanpoan izan dituztelako.

Aner Mimenzaren etxeko atea mailu batez botatzen saiatu dira. Gero, amaren ordenagailua eraman dute.

ATLAS agentziaren bideoa: hemen

INKOMUNIKAZIOA = TORTURA
ATXILOTUAK ASKATU!
ERREPRESIORIK EZ!
ASKI DA!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun